Albistea entzun

Protestak Etiopian. Salbuespen egoera

Etxean arrotz izateari uzteko

Etiopiako Gobernuak salbuespen egoera ezarri du, oromo etniako herritarren protestei aurre egiteko. Iazko azaroan hasi zituzten protestak, Addis Abebak aurreikusitako desjabetze asmoen aurka
Addis Abeban eginiko desjabetzeen eta polizia indarkeriaren aurkako protesta bat.
Addis Abeban eginiko desjabetzeen eta polizia indarkeriaren aurkako protesta bat. MEDREK Tamaina handiagoan ikusi

Adrian Garcia -

2016ko urriak 11

Irrecha jaieguneko sarraskiarekin protestak eta liskarrak are gehiago indartu dira Etiopian, eta gobernuaren eta oromoen arteko gatazkan orbantzeko zailak izango diren zauriak ireki. Herrialdeko etnia nagusia dira oromoak, baina gobernuaren politiken bizkar bizi dira. Addis Abebaren urbanizazio planaren aurka protestak hasi zituzten iazko azaroan, oromo baserritarrak landa eremuetatik kanporatzen zituelako. Protestei erantzun bortitza eman die gobernuak, eta herrialdea indarkeria zurrunbilo batean hondoratzeko arriskuan da. Urriaren 2a urteko jaiegunik garrantzitsuena zen oromoentzat, eta ehunka milaka lagun Bishoftu herrian bildu ziren ospatzeko. Poliziak, ordea, trumilka ihes eginarazi zituen bertaratutakoak, eta dozenaka eta dozenaka pertsona hil ziren harrapatuta; Oromia eskualdeko gobernuaren arabera, gutxienez 52. Oposizioko alderdiek ehunka zirela salatu dute. Edonola ere, sarraskiak protestak gogortu ditu, eta salbuespen egoera ezarri du gobernuak.

Ia urtebete eman dute oromoek manifestazioetan; Ginchi herrian piztu zen haserrea, Addis Abebatik 80 bat kilometrora. Herriko futbol zelaia eta inguruko baso bat pribatizatu zituen gobernuak, eta eskolako haurrak hasi ziren protestan. Baina egonezina azkar hedatu da Oromia eskualde osoan; Addis Abbebako plan nagusia deiturikoa izan da oromoen amesgaiztoa. Hiriburua zabaltzeko asmoa zuen gobernuak, 1,5 milioi hektarea oromoen landa eremuari atxikiz. Garapenaren aitzakian gobernua gidatzen duen tigre etniak lur emankorretatik egozteko amarrutzat jotzen dute oromoek.

Ordutik protesta ugari egin dituzte, eta gogor erantzun dute segurtasun indarrek. Giza eskubideen aldeko erakundeek salatu dutenez, ehunka pertsona hil dituzte protestetan, ikasleak horietako asko, eta beste mordoa atxilotu. Herri eta hiri askotan etxean geratzeko agindua ezarri dute.

Hiriburuko urbanizazio plan erraldoia bertan behera utzi du gobernu zentralak, baina horrek ez du protesten uholdea gerarazi. Plan horretatik harrago doaz eskakizunak: lurren desjabetze guztiak geldiarazteko, ustelkeriaren aurkako neurriak hartzeko eta giza eskubideak errespetatzeko exijitu dute. Irekiera demokratikoa nahi dute Etiopian: tigre gutxiengoak kontrolatutako gobernua etnia askotariko gobernu nazional batek ordezkatzea. Alegia, estatuaren «izaera baztertzailea» bera auzitan jarri dute protestariek. Autodeterminazioa eta subiranotasuna dute Oromiako alderdiek azken helburua.

Irekiera demokratikoa

Hazkunde ekonomiko nabarmena lortu du Etiopiako Gobernuak azken 25 urteetan, baina herritar guztiek ez dituzte baliabide horiek era berean aprobetxatu, oposizioak salatu duenez. EPRDF Etiopiako Herri Fronte Demokratiko Iraultzailea koalizioak agintzen du herrialdean 1991. urtetik, junta komunista armen bidez kanporatu zuenetik. Amhara eta oromo alderdi banak ere osatzen dute koalizio hori, baina oposizioa kexu da, funtsean tigre iparraldeko etniak kontrolatzen duelakoan gobernua. Azken mende laurdenean pilatutako gobernuarekiko atsekabea askatu egin da herrialdean, eta beste etnia batzuk ere elkartasuna adierazi diete oromoei, estatuaren sostengatzen duten oinarriak dardarka utziz.

Etiopiako herritarren %34 inguru dira oromoak. Baina ez dute sekula aukerarik izan estatu propio bat eratzeko; Afrikako kolonizazio prozesuaren garaian Etiopiako Inperioan txertatu zuten eskualdea, eta, ordutik, beste etnia batzuen agindupean bizi izan dira. Oromia lurraldea Afrika ekialdeko aberatsenetarikoa da, nekazaritzarako aproposa delako eta baliabide natural ugari dituelako. Addis Abeba Etiopiako hiriburua eskualde horren bihotzean dago. Finfinnee deitzen diote oromoek hiriburuari.

Etiopiako etnien arteko harremanak aldatzeko bidean dira protestak. Historikoki herrialdeko bi etnia nagusien arteko hartu-emana ez da bereziki ona izan. Amharak biztanleen %27 inguru dira, eta, oromoekin batera, herritarren %61 osatzen dute. Azaroan hasitako manifestazioek bultzatuta, lur desjabetzeen auzien inguruan ere protesta egiten hasi dira amharak uztailetik. Hasiera batean, ez dirudi bi mugimenduen artean lotura dagoenik, baina bi aldeetako ekintzaileek elkarrekiko elkartasun mezuak helarazi dituzte.

«Mugarri bat da», adierazi dio Mohamed Ademok AEBetako Quartz aldizkari digitalari. Opride.com oromoen inguruko atariaren sortzailea eta kazetaria da Ademo. «Ekintzailea eta protesten antolatzailea izan naiz ni, baina sekula ez ditut ikusi horrenbeste elkarretaratze herrialde osoan eta egun berean».

Kanpoko arazoa

Etiopiako Gobernuak oromoen haserrea ez du barne arazotzat, «kanpoko indarrei» egotzi baitie herrialdeko egonkortasun eza. Protestariek segurtasun indarrak eta atzerriko enpresak izan dituzte jomugan. Larrialdi egoera ezartzea justifikatu du Getachew Reda Komunikazio ministroak: «Mehatxuari aurre egiteko ezin ditugu ohiko legeak erabili. Zibilak, zibilen azpiegiturak, eta inbertsioak dituzte jomugan».

Oromo herritarren eskaerak baztertu ditu Addis Abebak, eta OLF Oromoen Askapenerako Fronteari leporatu dio protesten atzean egotea. «Terroristen zerrendan» sartua du talde hori. Egiptora begira jarri da zuzenean gobernua. «Badakigu OLF talde terroristak babesa jaso duela Egiptotik».

Aspaldikoa da Etiopiaren eta Egiptoren arteko ezinikusia. Nilo ibaiaren gaineko «eskubide historikoak» banatzen ditu bi herrialdeak. Urtegi handi bat ari da eraikitzen Addis Abeba mendietan, Niloren iturburutik gertu. Egipto beldur da, ordea, beharrezkoa zaion ur emaria kontrolatuko ote duen Etiopiak. Eritrea ere errudun jo du gobernuak; 1998. eta 2000. urteen artean independentzia gerra borrokatu ondotik Etiopiatik banandu zen.

Mendebaldearen babesa du Etiopiako Gobernuak, eta ez du aurkari politiko seriorik, oposizioak ez baitu ordezkaritzarik parlamentuan. Halere, serio hartu du oromoen erronka; Internet eta sare sozialak itxi izana da horren erakusle. Izan ere, protestak ez dira Addis Abebaren kezka bakarra: herrialdeko hamar talde matxinoek egoera hori aprobetxatu dezaketen beldur da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Europaren irizpide demokratikoa mailaz jaisten ari da Espainia»

Julen Aperribai

Espainiaren presioetara makurtu da Europako Parlamentuko Auzi Juridikoen Batzordea, Cominek dioenez, eta hala azaldu du Ponsatiri, Puigdemonti eta berari immunitatea kentzearen alde bozkatu izana.

Dmitris Lignadis aktorea, joan den larunbatea, Atenasen atxilotu zuten unean. ©ORESTIS PANAGIOTOU / EFE

Greziako Kultura ministroaren dimisioa eskatu dute, sexu abusuen kasu bategatik

Paulo Ostolaza

Lina Mendoni Kultura ministroak Dimitris Lignadis aktorea izendatu zuen Antzoki Nazionaleko zuzendari, eta Lignadisi egozten diote antzezpen klaseak ematen zizkien adingabe migratzaile batzuei abusuak egin izana 2017. eta 2018. urteen artean.

Paxinian, joan den urtarrilean, Moskun, Vladimir Putinekin izan zuen bilera batean. ©MICHAIL KLIMENTYEV / EFE

Paxinian: «Armadak nire dimisioa eskatzea estatu-kolpe saiakera bat da»

Paulo Ostolaza

Nikol Paxinian Armeniako lehen ministroak armadako buruzagietako bat kaleratu du, eta Armadako Estatu Nagusiak haren dimisioa eskatu du: «Gobernua jada ez da gai erabaki zentzudunak hartzeko». Karabakh Garaiko ituna sinatu zuenetik kolokan dago Paxinian.

Recep Tayyip Erdogan presidentearen aurkako protesta bat Genevan. ©M. T. / EFE

AEBak eta Turkia, aliatuak baina arerioak

Marco Santopadre

Bi estatuak aliatu historikoak dira, baina azken urteetan harremanak okerrera egin du. Biden presidentea oso kritikoa izan da Trumpen Erdoganekiko tolerantziarekin, eta «autokrata» ere deitu izan dio Turkiako estatuburuari.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna