Bizkaiko industria. Egoeraren azterketa.

AITZINDARI IZAN ZENA, ATZETIK

Euskal ekonomiaren motorra izan da historikoki Bizkaiko industria, baina azken hamarkadetan aberastasuna sortzeko gaitasuna galdu du lurraldeak, eta bereziki Bilbo inguruak. 2008. urtetik hona lantegi kopurua %30 txikitu da, eta horrek zeresan handia izan du jaitsieran.

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko ekainak 3
Industrialde baten iraganeko argazki bat bilatu, zuri-beltzekoa ziurrenik, irudia hartu zen orubera joan, eta alderaketa egin. Ariketa interesgarria izan daiteke industriaren egungo egoera nolakoa den irudikatzeko eta haren bilakaera ikusteko. Ariketa hori, gainera, bereziki interesgarria izango litzateke Bizkaian egingo balitz, eta areago, historikoki industriaren sehaska izan den Bilbo Handira joanez gero. Hiriburuko Uribitarte pasealekuan turismora bideratutako itsasontzi bat har daiteke horretarako, eta bisitariz betetako ontzian iragan industriala izan zuen itsasadarraren egungo argazkia zein den ikusi ahal izango da. Begi kolpe bakar batekin, agerian geratuko litzateke Bizkaian nola galdu duen industriak iraganean izandako pisua.

Bisita hori egiteko aukeratutako ingurua ez da kasualitatea, Bizkaiko industriaren eta euskal ekonomiaren motor nagusia izan baitzen historikoki Bilbo ezkerraldea. Baina hortik kanpo lurraldearen industrializazioa indartsua izan zen: 1970eko hamarkadan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresa industrialen %49,8 eta bigarren sektoreko enpleguaren %53,2 Bizkaian zegoen. Lau hamarkada igaro dira ordutik, eta denbora tarte horretan Bizkaiko industriak pisua galdu du. Indarra duen arren, dagoeneko ez da izan zena. 2017an EAEko industriaren %43,1 zegoen lurralde historiko horretan, eta bigarren sektorean aritzen ziren langileen %45.

Bizkaiko industriak izan duen jaitsiera irudikatzeko, komeni da datu horien ondoan beste bat jartzea: BPGan duen pisua. Bizkaian sortzen zen aberastasunaren %27,25 industriatik eratorritakoa zen 1996. urtean, eta %18,95eraino jaitsi zen 2016an. Bigarren sektoreak aberastasuna sortzeko duen gaitasuna, beraz, 8,3 puntu gutxitu da, eta %20tik beherako ekarpena egiten dio ekonomiari. Hortik nahiko gora dago, berriz, Hego Euskal Herriko beste lurraldeetan: Nafarroan, aberastasunaren %31,14 industriak sortzen zuen 2016an; Araban, %33,05, eta Gipuzkoan, %27,64. Lurralde guztietan galdu du pisua industriak, baina Bizkaian izan du jaitsierarik handiena.

Baieztapen hori are garbiago geratu da 2008an krisi ekonomikoa hasi zenetik. Gaindegiak bildutako datuen arabera, 2008 eta 2015 artean Hego Euskal Herrian %9,2 jaitsi zen industriak sortzen zuen aberastasuna. Eta lurralde denen artean, jaitsierarik handiena Bizkaiko industriak izan zuen: %17,1 —Nafarroan, %4,3; Gipuzkoan, %14,4; Araban, %10,4—. Ez hori bakarrik, Hegoaldean bigarren sektoreak sortzen duen aberastasunean Bizkaiak duela hamarkada bat baino ekarpen txikiagoa egiten du. 2005ean, industriako BPGaren %31,4 Bizkaitik zetorren, eta 2015erako %28,8ra jaitsia zegoen. Oraindik aberastasunaren zati handiena Bizkaian sortzen da, baina Gipuzkoak %28,37 sortzen zuen; %27,62 Nafarroak eta %16,5 Arabak. Iraganean izandako nagusitasuna galdu duela esan daiteke, beraz.

«Itxi behar ez zena itxi zen»

Beherakada hori, gainera, hein handi batean Bilbo ezkerraldeko bilakaerarekin batera joan da: eskualdean sortzen zen aberastasunaren %37,9 industriatik zetorren 2008an, eta lau urte eskasean zazpi puntu jaitsi zen (%30,4). Krisiak gogor jo du industria eskualde denetan, baina zeresan handia dauka Bilbo ezkerraldeko bilakaerak, Bilbo Handian kontzentratzen baitira Bizkaiko lantegien %60. Horregatik, garrantzitsua da Ezkerraldean industriak BPGari egiten dion ekarpena jaistea, horrek industria ahultzen ari dela esan nahi duelako. Eta ikusi besterik ez dago eskulangintzako industrien kopuruak nolako jaitsiera izan duen Bilbo Handian 2008 eta 2017 artean: %30. Begiez ikusi nahi izanez gero, argigarria da itsasontziko bisita egitea.

Krisiak hainbat lantegi hondoratu ditu, baina tartean Trapagarango Babcock Wilcox historikoa. Baina Ezkerraldearen desindustrializazio prozesua lehenagotik zetorren. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan industria astuna itxiz joan zen, hala nola Bizkaiko Labe Garaiak, Euskalduna, Aurrera eta Mecanica de la Peña historikoak. Xabier Barrutia EHUko Ekonomia Aplikatuko irakasleak uste du itxiera horiek saihestu ahal zirela: «Bizkaiko Labe Garaiak itxi zenean bideragarria zen enpresa, baina Europako gehiegizko ekoizpenari aurre egiteko hemengoa ixtea erabaki zuen Espainiako Gobernuak, eta ez Asturiaskoa; erabaki politiko bat izan zela esango nuke, Euskal Herriari botere ekonomikoa kentzeko».

Itxiera horrek desindustrializazio prozesu bat abiatu zen Ezkerraldean. Enpresa asko Madrilen eskuetan zeuden, «eta ez zioten Jaurlaritzari parte hartzen utzi. Enpresa horiek mantendu izan balira, lanpostu asko desagertuko ziren akaso teknologia berrituz joan ahala, baina industriak beste pisu bat izango zuen; galdu behar ez genituen lantegi asko galdu genituen bidean».

Zerbitzuen gorakada

Industriak sortzen zuen aberastasunak behera egin duen heinean, zerbitzuen sektoreak pisua irabazi du Ezkerraldean. Krisia hasi zenean %51,69ko ekarpena egiten zion BPGari, eta %60,43ra igo zen 2012an. 8,74 punturen aldea. Funtsean, industriak galdutako zazpi puntuak bigarren sektoretik hirugarrenera aldatu dira. Argazki zaharretan industria zegoen orubeetara joanez gero, maiz topatuko baitira zerbitzuetara bideratutako guneak. Hala gertatu da Barakaldon. Labe Garaien Ansio auzoko fabrikaren lekuan BEC erakustazoka dago egun, eta handik ez oso urrun, Max Center eta Mega Park merkataritza guneak. Babcock Wilcox zenaren pabiloira joatea ere ondo dago: 2011. urtean itxi zenetik, utzita dago, baina urte hasieran Amazonek interesa erakutsi zuen banaketarako gune bat zabaltzeko.

Baina begirada berriz ere itsasadarrera eramanez gero, ikus daiteke ibaiertzean jarraitzen duten hainbat lantegiren egoera ere ez dela batere erraza: Bizkaiko lantegi astunen azken arrastoek bertan jarraitzen dute; Naval ontziolako nasan eraikitzen ari ziren ontzia amaitzeko negoziazioetan murgilduta dabiltza zuzendaritza eta armadoreak; ACBk une kritikoak pasatu zituen 2016an, eta erdizka dabil orain; eta Productos Tubulareseko beharginak lantaldearen herenari eragingo zion dosier baten aurka borrokatu ziren apirilean. Alegia, iragan industriala gogora ekartzen duten Ezkerraldeko lantegi historikoak maiz direla albiste txarren iturri.

Egoera zail horren jakitun dira agintariak. Joan den astean, esaterako, Eusko Legebiltzarrean Bilbo ezkerraldea, Oiartzualdea eta Meatzaldea biziberritzeko plan estrategiko bat garatzea onartu zuten, aho batez. Halaber, Euskadiko Parke Teknologikoen sarea hasi da Abanton kokatuko den parke teknologiko berriaren lanak egiten. 4.0 industriara bideratutako gunea litzateke, eta 2.000 lanpostu berri sortzeko promesa egin zuten agintariek lehen harria jartzeko ekitaldian. Berebiziko eragina izan zuten adierazpen horiek langabezia tasa %17,1ekoa duen eskualdean. Baina 2020. urterako beste 300 lanpostu berri sortuko dituela ere agindu zuen Haizea Wind lantegi berriko presidenteak joan den asteko inaugurazio ekitaldian. Bilboko portuan zabaldu zuten industria eraikin berria, eta itsasoan jarriko diren haize errotentzako dorreak egingo dituzte bertan.

Beste Ezkerraldeak

Baina Bizkaiko industriaren galera ez da Bilbo Handian bakarrik gertatu. Eskualdetik mendebalderago joanez gero, iragan industrial garrantzitsua izan zuen Enkarterri eskualdea baitago. Altzari eta papergintza sektoreek indar handia izan zuten bere garaian, hainbeste, non 2005. urtean eskualdean sortzen zen aberastasunaren %33,3 ere industriatik eratorria baitzen. Inguruko basoen ustiaketak elikatzen zuen Enkarterriko industria, baina krisia iritsi eta gero, 2015ean, BPGari egiten zion ekarpena %18,9ra jaitsi zen.

Enkarterrian geratzen den industria handienetako bat, CEL papergintza, kinka larritik irten berri da. 2017ko udan enpresa ixteko zorian egon zen, eta zuzeneko 225 lanpostu kolokan egon ziren. Azkenean, 145 lanposturi eutsi die CELen erosleak, Lucart talde italiarrak. Gatazka horrek azalera ekarri zuen lehenagotik ere bistakoa zen errealitatea: 2008tik %27,7 lantegi gutxiago daude eskualdean, eta, gaur-gaurkoz, hogei langiletik gorako 23 enpresa besterik ez dago eskualde osoan. Langabezia tasa %19,6koa da, Bizkai osoko handiena. Egoerari aurre egiteko, Bizkaiko Aldundiak eskualdeko udal denekin batera pizgarri plan bat jarri zuen martxan 2018. urtea hastearekin batera.

Arratian ere Errota garapen agentzia jarri zuten martxan 2016an, eskualdeak krisi garaian galdutako ahalmen industrialaren eraginez egoera sozioekonomiko makurrari aurre egiteko. Negarra, Cementos Lemona, Alfus eta Ormazabal lantokietan gatazkak izan zituzten, eta industrializazio tasa %49,4tik %39,7ra jaitsi zen 2005. eta 2015. urteen artean. Ehun industrialak behera egin zuen, eta, mobilizazio ugariren ostean, eragile ezberdinek eskualdeko lan merkatua lehengora ekartzeko ekinaldia bultzatu zuten.

Parte hartze publikoa

Hainbat izan dira azken urteetan industria sektorea indartzeko Bizkaian hartutako erabakiak, baina, Barrutiaren ustez, beharrezkoa da ekinaldi politiko handiagoa. «Parte hartu beharra dago estrategikoak diren enpresetan». CELen auzian langileek hori leporatu zioten Jaurlaritzari: enpresan zuten parte hartzea saldu ostean jarri zuela zuzendaritzak lantegia ixteko ideia mahai gainean. Auzi horren ostean, Arantxa Tapia Ekonomia Garapen sailburuak 2017-2020 Industria Plana aurkeztu zuen, eta enpresa estrategiko batzuetan inbertsioak egingo zituela aurreratu zuen. Guascor, Gamesa eta ITP enpresa handiak atzerriko taldeen menpe geratu izanak kezka sortu zuen Jaurlaritzan, eta, lehen urrats moduan, CAFen akzioen %1,24 erosi zuen. «Halako gauzak egin behar dira, baina orokorragoak izan beharko lukete», Barrutiaren ustez.

Gogora ekarri du 1990eko hamarkadan Jaurlaritzak «gauza batzuk ondo» egin zituela. Parte hartze publikoarekin, CAF, Tubos Reunidos eta halako enpresa batzuk «salbatu» zituen itxieratik, baina bestelako politikak ere bultzatu zituela dio: «Kluster politikak bideratu zituen, eta sektore berriak ere garatu zituen, aeronautika eta telekomunikazioaren kasuan bezala». Ekinaldi horiek garrantzitsuak izan baziren ere, Barrutiak uste du egun industria politikak «zentzua» galdu duela. «Sektore publikoak zentroan egon behar du estrategiak diseinatzeko garaian, enpresa pribatua ez dagoelako erdigunean, edo ez behintzat bera bakarrik».

Parte hartze publikoaren beharra aldarrikatuta, Kutxabanken sorreran hartu ziren hainbat erabaki salatu ditu: «Industrian zeukaten ekarpena gutxitu egin zuten; Kutxabank publikoa izan balitz, beste irizpide batzuk izango zituen».

Barrutiak uste du industria sarea indartu daitekeela laguntza publikoari esker, eta akaso Bizkaia azken lerrotik ateratzeko balio dezake. Berriz ere industriak euskal ekonomia gidatu dezan. Ezkerraldea biziberritzeko egitasmo batzuk martxan jarri dituzte erakundeek, eta 4.0 industrian ahalegina egiten ari da Jaurlaritza. Ondo legoke hemendik urte batzuetara Ezkerraldearen egungo argazki bat hartu eta alderaketa egitea industriaren bilakaera ikusteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna