Arrauna

Orio moldatu da hobekien eremu gaiztoan, eta bandera bideratuta utzi du

'San Nikolas' nagusitu da Coruñako lehen jardunaldian. Zazpi segundoko aldea du Arraunekiko

Nadeth Agirre Orioko patroia, liderraren elastikoarekin, atzo, Coruñan, Galizian. AITOR ARRIZABALAGA / EUSKO LABEL LIGA.
Mikel O. Iribar.
2022ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Hautsi eta eutsi: horixe egin zuen Oriok atzo Coruñako (Galizia) lehen jardunaldian, Euskotren ligako hirugarren lehian. Patxi Frances eta haren kuadrillak sei segundoko aldearekin ekingo diote gaur bigarren jardunaldiari (11:40, ETB1). Horiek ia eskuetan dute trapuaren makila. Hasieratik amaiera arte nagusi izan ziren oriotarrak, eta kontrolpean izan zuten estropada. Donostia Arraun Lagunak sailkatu zen bigarren, Donostiarra hirugarren, 11ra, eta Tolosaldea laugarren, hamalaura. Sailkapen nagusian, Oriok puntu bat ateratzen dio orain Arraun Lagunak-i. Azken postua saihesteko lehian, berriz, Donostiarrak hiru puntuko abantaila dauka Tolosaldearekiko.

Atzoko irabazlea laugarren kaletik joan zen, eta haren ondoan Tolosaldeak arraun egin zuen; bigarren kalean, Arraun Lagunak aritu zen; eta, lehenengoan, Donostiarra. Iragarrita zegoen haizeak ipar-ekialdetik zakar joko zuela, baita metro eta metro eta erdi arteko olatuak egongo zirela ere. Bada, denborale berdea estropada hasi baino lehenago lehertu zen.

Halere, itsaso narrasa zegoen, eta arraun egiteko zaila, hondoko itsasoa egon arren. Horiek horrela, kaleen artean bazen alderik. Izan ere, laugarrengo eta hirugarrengo kaleek Hercules dorrearen eta haren ingurumariaren babesa zuten lehen minutuetan; lehendabiziko eta bigarren kaleetatik zihoazenak, berriz, traketsago irteten ziren.

Semaforoa berde jarri orduko, San Nikolas ontziko arraunlariak izan ziren lehen arraunkadak eman zituztenak. Hala, oriotarrek berehala hartu zuten estropada burua. Indartsu ekin zioten lehen txanpa biziari. Hain zuzen, bigarren minuturako Arraun Lagunak-ek espero zuena baino atzerapen handiagoa zeukan; bost segundo ateratzen zizkion Oriok. Andrea Astudillo patroiak galtzak bete lan zuen ordurako egoera ahalik eta ondoen kudeatzeko eta arraunketatik ez ateratzeko.

Orio bere ohiko arraunketan serio aritu zen, luze-luze, minutuko 34 arraunkadako erritmoan. Nadeth Agirrek gidatutako trainerua izan zen ziaboga egin zuen lehena, 5.39ko denborarekin; ontzia zertxobait joan egin zitzaion, baina olatuaren laguntzaz nolabait txukundu zuen. Juan Mari Etxaberenak, ostera, bederatzi segundora heldu ziren, estropada lehiatik kanpo; Donostiarrak 11 segundo geroago biratu zuen ontzia, eta Tolosaldeak, hamahiru geroago. Ontzi horretako txopan, gainera, Olaia Barriuso gaztea aritu zen, Aiora Sorozabalen ordez.

Lehenengotik laugarrenera

Maniobraren ostean, laurei olatuak istribor hankatik sartzen zitzaizkienez, Orioko aurrekalari Maria Victoria Piñeirok arrauna istriborretik ababorrera pasatu zuen, trainerua hobeto gogortzeko eta Agirreri ontzia zuzentzen laguntzeko. Aurrekalariek ziabogetan estoketa sartzeaz gain, beste zeregin batzuk ere egin ohi dituzte.

Kontuak kontu, Oriok jarraitzen zuen lehen postuan, eta Agirrek 31 eskutik zuen San Nikolas hark nahi zuen kalera zuzentzeko. Hain zuzen, olatuaren norabideari jarraitu zion, hots, laugarrenetik lehenengora. Bitartean, Arraun Lagunak-ek eta Donostiarrak bi segundo jan zizkieten oriotarrei: Lugañene zazpira gerturatu zen; Torrekua, bederatzira. Tolosaldea gehiago ari zen sufritzen; hamahiru segundoko atzerapena zeukan.

Hala eta guztiz ere, Oriok azken metroetan olatuei zukua atera zien, eta, etekin horri esker, hanka egitea lortu zuen. Amaieran, Arraun Lagunak-i zazpi segundoko abantaila atera zion; 11 Donostiarrari, eta ia hamabost Tolosaldeari.

Atzo baino itsaso lasaiagoa dago iragarrita gaurko estropadarako. Zehazki, metro eskaseko olatuak daude emanda. Haizea ere ahul ibiliko da; hasieran, hegotik joko du, baina, goizak aurrera egin ahala, ipar-mendebaldeko norabidea hartuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.