Oihal koloretsu eta bizia jostearen marabilla

Entzuleek, eta, batez ere finalisten jarraitzaileek, giro ezin hobea jarri zuten harmailetan. Txaranga, trikitia, koloredun elastikoak, txaloak, pankartak, barreak eta animoek, «marabilla» bihurtu zuten Miribilla.

4.500 bat ikusle bildu ziren Bilbo Arena kiroldegian. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Miribilla marabilla bihurtu zen. Hala adierazi zuten bertsolariek hasiera hasieratik, eta hala sentitu zen harmailetan. Bizi dagoen bertsolaritzak eta bertsozaleek eskainitako berotasun, umore eta alaitasunak, koloretsua bihurtu zuten, oso, bertsolaritzaren oihala. Denen artean jositako sare zabala.

Pozarren nabaritu ziren aurkezlea eta gai-jartzailea. Jendearen berotasunagatik, pozarren finalistak. Bertsoez eta giroaren alaitasunaz gozatuz, pozarren entzuleak. Txaloak, animo oihuak eta txistuak. Bonbo hotsak, trikitiak eta panderoak. Irrintziak. Itzela izan zen, hasiera hasieratik, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean bizitakoa.

Irrikaz, garaiz bete zituzten harmailak entzuleek. Taldeka, kolorez jantzi zituzten eserlekuak. Lepoan luma koloretsuak eta buruan egunkarien orriekin egindako txapelak zituztela, Santutxukoak, Oihana Bartra auzokidea modu neka ezinean animatzen.

Haien eskumatara, hori koloreko multzo handi bat: Xabat Galletebeitia animatzera joandako lagun kuadrilla, berariaz egindako elastiko biziak soinean, eta bonbo eta guzti. Isildu gabe aritu ziren laguna animatzen. Hasieratik amaierara. Buruz burukora Arkaitz Estiballes eta Fredi Paia igaro zirela iragartzean ere, «Aupa Xabat!», haiek ozen. Txapelduna Paia zela aurkezleak esaterakoan, «Xabat txapeldun! Xabat txapeldun!». Milaka lagunei itsatsi zieten alaitasuna. Harmail guztiak jarri zituzten dantzan, olatua alderik alde egiten, «Xabat! Xabat!» oihuak txalokatzen.

Pankartak ere garaiz ziren bertsolariek ikusteko moduan itsatsita. Aupa Oihana. Santutxu ere zurekin. Aldamenean, Aupa Jone, kartulinekin osatuta. Jone Uriaren eta Fredi Paiaren aldeko pankarta ondoren. Beste aldean, bertsoak dotore josi eta saioaz gozatzeko deia, Etxahun Lekueri zuzendutako mezuan.

Zintzilikatutako plastikoen gainean, bi haur, jendetzaren artean. Haiek kartulinetan eskuz egindako txartel bana eskuetan: Aupa Arkaitz, batean. Aupa Oihana, bestean. Errotulagailuz egindako lore eta bihotzen irudi eta guzti. Arkaitz Estiballesen alaba Maindi kartel bati eusten, lagun Irati besteari, besoak luzatuta erakusten. Kartelak, bien artean txandakatzen aritu ziren saioan zehar. Aita eta laguna animatzen, txalotzen, oihukatzen. Urduri baina pozik.

Bazen bestelako pankarta eta aldarririk ere: joan zen asteburuan Gernikan atxilotu zuten Jone Amezaga gaztearen aldekoak, esaterako. Haren babeserako aterki laranjak ere bai eserlekuetan. Zortzi finalistak, aterki laranja horiek irudikatzen dituzten pinak zituzten paparrean.

Iritzi artikulu bat idazteagatik espetxeratzeko arriskua dutenen aldeko pankarta ere bai harmailetan: Oroimena delitu denean.

Gorantza animoak

Hasterako pil pil ziren animoak. Saioa hasi baino ordubete lehenagotik eserleku asko beteta ziren, eta taldeka, nork bere laguna festa giroan animatzen zuen. Musikarekin.Txaloekin. Bertsolari bakoitzaren aurkezpenak goian utzi zuen langa. Zoramena jendearen artean. Gozatzeko gogoa.

Beherakadatxoa ere izan zuengiroak ondoren. Lehen bertso puntuagarrietarako gaientristetasunak pitin bat itzali zituen barre gogoak. Alaba izan zuen presoari buruzkoak, onartzen ez dioten homosexualitatearenak zein hildako laguna gogoratu beharrak hoztu egin zuen giroa.

Baina zortziko txikikorako lehen gaiarekin batera egin zuen gora berriro tenperaturak. Paia eta Estiballesen bikotekako lanakalgaraka jarri zituen entzuleak. Elkarren lagunak izaki, gustora nabari ziren, gero, buruz burukoan, elkarrekin arituko zirenak. Lasai, umoretsu, adar-joka eta pozik aritu ziren biak ohikoak dituzten parrandei eta tiobiboen birei buruz. Barreak eragin, eta berriz berotu zuten giroa.

Une gorena amaieran iritsi zen. Agurretan. Bertsolari gazteen jarraitzaileek bertsozaletasunaren osasuna frogatu zuten. Aitzakiarik gabe. Marabilla bihurtuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.