UDAKO SERIEA Hegoaldeko muga (IV). Melillako hesia. Jose Palazon. Prodein elkarteko presidentea eta ekintzailea

«Errefuxiatuek pertsona izateari uzten diote hesira iristen direnean»

Melillako hesian segurtasun indarrek erabiltzen duten indarkeria salatu du Palazonek: «Hesi asko ikusi ditut, baina bakar batean ez dut ikusi hemen praktikatzen den indarkeria. Neurrigabea da. Gizagabea».

KRISTINA BERASAIN TRISTAN.
Kristina Berasain Tristan.
Melilla
2017ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Jose Palazonek (Cartagena, Espainia, 1955) hogei urte daramatza inork ikusi nahi ez duen errealitateari begira, hegoaldeko mugari begiak jartzen eta izenik ez duten horiengana gerturatzen, izenez deitzen; izenez ezagutzen ditu asko eta asko. Prodein Haurren Eskubideen Aldeko elkarteko presidentea eta ekintzailea da, eta kalean bizi diren haurren eskubideak bezain irmo defendatzen ditu errefuxiatu guztienak.

Melillako CETI etorkinak behin-behinean hartzeko zentroaren atarian gaude. Parez pare dugu hesia. Gurugu mendia ostertzean. Melillan begi bistan dagoen mundu bat dago, baina badago oharkabeago dagoen beste mundu bat ere, ezkutuagoa. Iheslarienerrealitate gordina.

Hala da. Ikusten den errealitate bat dago, eta begiratu behar den beste bat, askorentzat oharkabean dagoena, ez ikusiarena egitea errazagoa delako. CETI bat dugu hementxe, itxuraz txukuna, margotu berria, baina fikzio bat baino ez da: barruko errealitatea bestelakoa da; errefuxiatuen egoera gordina da. Batzuk sei urte egon dira barruan. Hesiaren gainetik salto egin ostean, beste hesi bat gurutzatu behar dute, burokratikoa.

Europa hesiz betetzen ari da, baina hegoaldeko muga honetan hogei urte dira hesia eraiki zutela.

Europak ez du ezer ulertu. Errefuxiatu batek bizitza duinago bat izateko daukan nahiari ezin zaizkio hesiak jarri. Absurdoa da. Hesiek ez dute ezertarako balio. Hesi hau lotsagarria da, heriotzaren hesia da. Hesi honetaz hitz egin behar badut, ezaugarritzen duen zerbait nabarmendu behar baldin badut, hori da bertan praktikatzen den indarkeria. Hesi asko ikusi ditut, baina bakar batean ez dut ikusi hemen praktikatzen den indarkeria. Neurrigabea da. Gizagabea. Errefuxiatuek pertsona izateari uzten diote hesira iristen direnean; eskubiderik gabe geratzen da. Pertsona hauen duintasunarekiko mespretxua ikaragarria da. Printzipioek eta moralek ez dute lekurik hesi honetan. Animaliak balira bezala tratatzen dituzte. Melilla inguratzen duen burdinazko hesi hau gure politiken sinbolo erabatekoa da.

Heriotzen hesia dela esan duzu.

Bai. Asko dira gure begien aurrean dagoen hesian hil direnak, banan-banan, tantaka. Izugarrikeriak egiten dira hemen. Marokoko aldean gehiago, baina baita Espainiakoan ere. Marokoko Poliziak basakeria praktikatzen du. Salto bakoitzean laupabost lagun hartu, eta makilekin eta burdinekin jipoitu. Mutiko bati hankak harrika nola apurtzen zizkioten ikusi dut. Gure begien aurrean egiten dute hori. Itzela da.

Kontzertinak ere jarri zituzten.

Bai. Kendu egin zituztela esan zuten, baina hor daude. Hesi honek metro gehiago edo gutxiago izango ditu, kontzertinak izango ditu edo ez ditu izango, baina, berriro diot, hemen praktikatzen den indarkeria da niretzat okerrena. Hesiaren ezaugarriez asko mintzatzen da komunikabideetan, baina ez hemen praktikatzen den indarkeriaz. Inork ez du hitz egiten Nadorko ospitalera zaurituta, hilzorian eramaten dituzten errefuxiatuez. Espainiak horrekin zerikusirik izango ez balu bezala. Marokok egiten dituen giza eskubideen urraketen konplize da Espainia. Eta ez hori bakarrik: errefuxiatuen joan-etorriak kontrolatzeko itun ezkutuak dituzte.

Zer-nolako itunak?

Inon idatzi gabeko akordioak dira, eta ezin da horietaz hitz egin. Tabu bat da. Marokoko eta Espainiako gobernuek kontrolatzen dituzte errefuxiatuen sartu-irtenak. Zergatik siriarrak daudenean ez dira beltzak sartzen, eta zergatik beltzak daudenean ez dira siriarrak sartzen? Mugako kontrol horrek dauka erantzuna, unean uneko interesen araberakoa da, eta, nazionalitatearen,azalkoloreen eta poltsikoko euroen araberakoa. Gobernuek, trafikatzaileek bezala, ibilbideak sortzen dituzte. Zergatik ez dago siriarrik Ceutan?

Zergatik?

Melillara bideratu dituztelako. Hasieran, ehun siriarri ematen zieten asiloa; gero, 40ri; eta gero, 20ri. Marokoko aldean zegoen zokoan aukeratzen zituzten, 1.000 eta 3.000 euroren truke; diru gehien zuenak lortzen zuen txartel gorria, eta eguneko hogeiak sartzen zirenean itxi egiten zen merkatua. Familia ugari banatuta geratu ziren horren ondorioz, ez zutelako senide guztientzako adina diru. Itun zitala da, legez kanpokoa, beste asko bezala.

Orain apenas dagoen siriarrik.

Gutxi dira. Iritsi eta bi-hiru astera ateratzen dira penintsulara, txartel gorriarekin. Zortea dute besteekin alderatuta, nahiz eta haien eskubideak ere urratzen diren; legearen arabera, asilo eskatzaile batek hasiera-hasieratik dauka mugitzeko askatasuna. Eskubideak ez lirateke egun bakar batez ere urratu behar, inorenak, ez siriarrenak, ezta Saharaz hegoaldeko errefuxiatuenak. Siriarrek, hala ere, asiloa eska dezakete; zuriak dira, arabiarrak, ekialdetik datoz... Badirudi liburuko errefuxiatuek bakarrik eska dezaketela asiloa, baina zergatik siriar bati bai eta beltz bati ez? Afrikako gosea isilarazitako gerra bat da; bost segundoan behin haur beltz bat hiltzen da gosez.

Saharaz hegoaldekoak dira hesiaren gainetik salto egiten duten guztiak?

Bai. Ezer ez dutenen aukera da. Hesiari eraso egiten diotela esaten dute, baina ez diote eraso egiten: hortik sartzen saiatzen dira ezin direlako beste bide batetik sartu, ez dutelako horretarako dirurik. Dirua dutenak ez dira hortik sartzen: Beni Enzarko pasabidetik sartzen dira, poliziei ordainduta edo trafikatzaileei ordainduta; horrela sartzen dira immigranteen %75. Pobreenen aukera bakarra da salto egitea, bizia arriskatzea, ez baitute beste ezer, ez baitute galtzeko asko. «Allahu Akbar» oihukatzen dute, laguntza eskatzen diote jainkoari, badakitelako tiro bat jaso dezaketela.

Gurugu mendian ezkutatzen dira saltoa prestatzeko, ezta?

Bai, baina orain apenas dagoen inor hor. Marokoko militarrek hartuta dauzkate mendia, mazela eta inguruko herriak. Itzela da armadaren presentzia hesiaren inguruan. Errefuxiatuek atzerago egitea eragiten du horrek. Gurugutik haratago daude orain, mugatik urrunago, eta itsasotik saiatzen dira orduan. Melillatik Al-Hoceimarako tartetik ere patera ugari ateratzen ari dira. Malagara, aurten bakarrik, 800 lagun iritsi dira, hesitik urte giltzarrietan iritsitakoak baino gehiago; asteburu bakar batean 300 ere iritsi dira, hesia parez pare zabalik egongo balitz bezainbeste. Gobernuak hesiaren defentsaren arrakasta bat balitz bezala saltzen du, gutxiago sartuko balira bezala, baina ez da hala; itsasotik doaz, eta, noski, itsasoan hiltzen direnek ez dute erantzulerik. Hesian hiltzen direnek erantzuleak dituzte; itsasoan hiltzen direnek, ez. Bada, lurreko muga zorrotz zaintzen baduzu, itsasora joango naiz, eta itsasokoa areagotzen baduzu, berriro etorriko naiz hesira. Etengabeko mugimendua da, baina, batera edo bestera, ez diote etortzeari utziko. Hesiek ez dute ezertarako balio. Integrazioarena da balio duen hesi bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.