Espanyol 1 Alaves 0

Saririk gabeko hobekuntza

Alavesek punturik batu gabe jarraitzen du, Espanyolen zelaian galdu ostean. Aurreko lehietan baino duinago aritu da, baina garesti ordaindu du Duartek eginiko penalti garbia

Alaveseko kapitain Victor Laguardia, eskuak buruan, taldeak gola jaso eta gero. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Espanyol. Diego Lopez; Oscar Gil, Sergi Gomez, Cabrera, Pedrosa; Morlanes (Merida 65. min.), Bare (David Lopez, 74. min.), Darder (Melendo, 88. min), Embarba, Melamed (Wu Lei (65. min); De Tomas (Dimata 75. min).

Alaves. Pacheco; Martin (Miazga, 86. min), Laguardia, Tachi (De la Fuente, 86. min), Duarte; Loum, Pina (Pellistri, 72. min), Rioja, Manu Garcia (Toni Moya, 86. min); Guidetti (Sylla, 63. min) eta Joselu.

Golak. 1-0. De Tomasek, penaltiz (53. min). Epailea. Melero Lopez. Txartel horia Espanyoleko Cabrerari eta Diego Lopezi; eta Alaveseko Duarteri.Bestelakoak. 14.254 ikusle Cornella El Prat futbol zelaian .

Bost norgehiagoka, eta punturik ez. Denboraldi bat ezin daiteke okerrago abiatu. Alavesek atzo hasi nahi zuen suspertzen, Espanyolen zelaian, eta ezin uka ahalegindu zenik. Larunbateko derbiaren aldean, itxura lehiakorragoa eman zuen Javi Callejaren taldeak. Zenbait minutuz, aurkaria baino gehiago ere izan zen, eta aukera pare bat izan zuen markagailuan aurrea hartzeko, sasoi honetan aurrenekoz. Ordea, errentagarritasunik gabeko goraldia izan zen, eta akats zaharrak berritu zituen azkenean. Lehenik, beste penalti garbi bat oparitu zion aurkariari; eta gero, ez zen partida berdintzeko kapaza izan. Ez zuen etsi, baina argitasun falta nabarmena izan zuen aurrean.

Espanyolen gol goiztiar bat zen Alavesek saihestu beharreko lehen gauza, jokalarien konfiantza apurra guztiz desagertu ez zedin. Bada, bigarren minutuan sukalderaino sartu zen Keidi Bare, eta ateko zuloan baloia sarera bidali zuen Raul De Tomasek. Arabarren amesgaiztoa bete zen. Baina iratzarri egin zituen VAR-ak: jokaldiaren hastapenean jokoz kanpo zegoen Embarba. Alta, Callejarenak ez ziren guztiz esnatu, eta 17. minutuan bideo epaileak salbatu zituen berriro: De Tomasek beste baloi bat sareratu zuen, bakar-bakarrik atzera ere, baina pasea kokapen aurreratuegian jasota. Jokoz kanpo, Alaves bezala.

Ordu erdiz luzatu zen gasteiztarren ezina. Bere zelaian sartu zituen Espanyolek, jabetza jarraituaren eta joko aldaketen bidez. Ezkerretik egin zien min handiena. Area inguruan, pentsatzen utzi zieten kataluniarrei. Ez zeuden behar bezain gertu zainketetan. Itxura txarra zuen neurketak, Manu Garcia lerro artean jokatzen hasi zen arte. Haren pase zorrotzek berpiztu egin zuten Alavesen erasoko jokoa, eta hala, gidoia alderantzikatu egin zen lehen zatiaren amaieran: jazarria zena jazarle bilakatu zen. Riojak izan zuen lehen aukera, 31. minutuan, ezkerkada indartsu batekin. Eta atsedenaren atarian, aurreneko gola sartzear izan ziren Joselu eta Martin: aurrelariak areaz kanpotik jaurti, Diego Lopezek gelditu, eta aldaratzea kanpora bidali zuen atzelariak.

Alavesek ez zituen aprobetxatu neurketako minuturik onenak. Aldageletatik bueltan, aurrerako urratsa egin zuen Espanyolek, denboraldiko lehen garaipena lortu nahian. Berandu gabe argitu zitzaion bidea, Duartek eginiko penalti bati esker. Alaveseko atzelariak eskuarekin moztu zuen Morlanesen jaurtiketa bat. Penalti garbia izan zen, eta De Tomasek ez zuen barkatu Pachecoren aurrean. 53. minutua zen. Bazegoen erreakziorako astia, eta arabarrak kemenez ahalegindu ziren kolpetik altxatzen.

Saiakerak eskuinetik

Callejak Guidetti atera zuen zelaitik, Sylla sar zedin. Senegaldarrak berritu egin zuen taldearen energia, eta, gainera, gertu izan zuen banakoa zelairatu berritan, Martinen erdiraketa on bat ehizatuta. Haatik, ezin izan zuen garbi errematatu, eta kanpora joan zen baloia. Eskuin hegalean aurkitu nahi zuten lasterbidea, bi baten kontrako egoerak baliatuz. Rioja izan zen, berriz ere, jokalaririk sakonena. Alabaina, gasteiztarren nahiak ezinarekin egin zuen topo minutuen joanean. Marrazkiz eta piezaz aldatu zuen Callejak, bainaalferrik. Taldeari asko kosta zitzaion arriskua sortzea. Bukaeran, itsu-itsuan jo zuen berdinketaren bila, eta kontraeraso batean bigarrena sartzear izan zen Wu Lei. De la Fuentek izan zuen Alavesen azken aukera, baina area barruan ihes egin zion baloiak, Alavesi puntuek bezalaxe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.