HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Hartz Txiki'

Sinple bezain sakon

Imanol Mercero -

2015eko urriak 11
Idazlea: Else Holmelund Minarik. Ilustratzailea: Maurice Sendak. Itzultzailea: Manu Lopez Gaseni. Argitaletxeak: Pamiela eta Kalandraka.

Bost liburuz osatutako obra hau, ziurrenera, ezagunagoa da telebista saioengatik, paperezko emaitzengatik baino. Saiatuko gara merezi ez duen itzaletatik ateratzen.

Agertzen dituen irudi xalo eta testu labur herabe horiekin, lehen begiratuan irudi luke lan ezdeus bat dela, inozoa eta balio eskasekoa. Haatik, bai irudien trataera, zein gidoiaren eraikuntza literatur ariketa burutsu baten emaitzak dira, eta bien elkarketak emaitza borobildu egiten du. Are gehiago, bost liburuotan haurren unibertsoaren deskribaketa zehatza egiten da, irakurleari ereduak eskaintzen zaizkio, eta irizpideak ezartzen, haurrentzat ez ezik, helduontzat ere oso baliagarriak izan daitezkeenak. Arrazoitu dezagun.

Hartz txikiren saga Hartz Txiki (1957) liburuarekin hasi zen. Segidan etorri ziren Hartz aita etxera dator (1959), Hartz Txikiren laguna (1960) eta Hartz Txikiren bisita (1961), Musu bat Hartz Txikirentzat (1968) lanarekin amaitzeko.

Lehen lau liburuen barne egitura oso antzekoa da, bakoitzean lau istoriotxo eskaintzen dira gai monografiko baten inguruan. Istoriotxoak aske kontatuak izateko moduan proposatzen dira, baina guztien artean liburu bakoitza biltzen duen diskurtsoa eraikitzen da.

Erdigunean Hartz Txiki dago beti, bere amarekin.

Lehen liburua hortik abiatzen da. Pertsonaia aurkezten zaigu, eta jarraian bere adineko kezka eta beharrak deskribatzen zaizkigu: ikertzeko gogo aseezinak mugimendu askatasuna behar du, baina aldi berean amaren abarora itzultzea ezinbestekoa zaio. Bi indar horien orekan garatzen da haurra.

Aita dator bigarren liburuan. Aita arrantzalea da, hor zehar dabilena, eta munduari buruzko metaforak sortzeko motiboa dira Hartz Txikirentzat: mundua zabala eta anitza da.

Hirugarrengoan adiskidetasuna zer den ezagutuko du, Milia neskatoaren bidez.

Laugarrengoan aiton-amonak datoz, familia gunea eraikitzen.

Azkeneko liburuak egitura xeheagoa du. Sinpleki jolas baten narrazioa da (maitasuna aldarrikatzen duen musu kate bat), baina ez du ahazten bere diskurtso propioa eraikitzea: lagunartearen erretratua egiten du, aurreko liburuetan agertutako pertsonaia guztiak ekarrita, eta, obra osoari —bost liburuei— biribiltasun bat ematen dio.

Ñabardurak alde guztietatik dira emankorrak: liburu bakoitzaren gaia jakiteko azala begiratzea nahikoa da; bertan dago sintetizatuta, izenburuaren eta irudiaren bidez, ale bakoitzaren atzean ezkutatzen den asmoaren muina.

Sinpletasunetik abiatuta, haurrari bere ingurunearengandik zer espero dezakeen adierazten zaio, eta helduoi gure portaera zuzentzen laguntzen digu, gomendio eta azalpen burutsuez beteriko liburuek ezin duten eran: ingurunea (haurren unibertsoa) nolakoa den deskribatzen zaigu, eta hainbat mugarrietatik igarotzean hartu diren erabakiak erakusten zaizkigu, bidean goazela, antzeko mugarriekin topatzean, jakin dezagun nola jokatu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna