Koronabirusa

Positibo tasa nabarmen hazi da Nafarroan: %10,6

Hego Euskal Herrian 450 positibo atzeman dituzte. Egun, 99 gaixo daude ZIUetan

Ion Orzaiz.
2021eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Urte berriak ez ditu COVID-19aren transmisioari buruzko datuak apaldu. Aitzitik, beste 450 kasu atzeman zituzten atzo Osasunbideak eta Osakidetzak. Guztira, 6.151 PCR eta antigeno test egin zituzten igandean Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan (bezperan baino 341 gehiago), eta, horren arabera, positibo tasa %7,3 da, igandekoaren pare (%7,5 zen). Hala ere, alde handiak daude herrialde batzuen eta besteen artean.

Bereziki kezkagarriak dira Nafarroako datuak: positibo berrien kopurua handitu egin zen atzo (88, bezperan baino 22 gehiago), baina, batez ere, positibo tasa handitu zen nabarmen: %6,8tik %10,6raino. Horren gibelean egon liteke igandean eginiko PCR eta antigeno test kopuru apala: 827. Bizkaian, 188 positibo detektatu zituzten (bezperan baino 36 gehiago); Gipuzkoan, 132 (sei gutxiago); eta Arabak izan zuen jaitsierarik nabarmenena: 39 kasu atzeman zituzten igandeko probetan, aurreko egunean baino 33 gutxiago.

Ospitaleetako egoerari dagokionez, 35 pertsona ospitaleratu zituzten igandean COVID-19arengatik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan ez zuten inor ospitaleratu. Orain, 99 gaixo larri daude Hego Euskal Herriko ZIUetan.

Bestalde, aurreko egunetan gertatutako bi heriotzaren berri eman du Nafarroako Gobernuak: bi gizonezko, 38 eta 85 urtekoak, hain zuzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.