Arrakala gunea hustearen «izaera politikoa» salatu dute

Atzo hasi zen guneko hiru kideren aurkako auzibidea, Bilbon. Datorren ostiralean mobilizazioa egingo dute, Unamuno plazatik abiatuta

gotzon hermosilla
2021eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Bilboko Arrakala guneko hiru kideren aurkako auzibidea abiarazi zuten atzo. Horri aurre egiteko, AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Taldeak agerraldia egin du eraikin okupatua zegoen lekuan, eta geroago elkarretaratzea egin zuten Bilboko epaitegien aurrean, eraikina hustu izanaren eta prozedura judizialaren «izaera politikoa» salatzeko.

Martxoan okupatu zuten Bilboko Unamuno plazako eraikin bateko solairu bat, urteetan hutsik egondakoa, «miseriak jotako auzokideen behar materialak asetzeko» helburuz. Arrakala izena jarri zioten guneari, eta irekita egon zen bitartean AZET taldeko egoitza, auzokide etxegabetuen larrialdiko etxebizitza eta elikagaien herri biltegi gisa ere erabili zuten, «jabetza pribatuari aurre egitea helburu duen proiektu politikoaren etxe eta aterpe», etxebizitza sindikatuko kideek esan dutenez.

Arrakala abian jartzearekin batera hasi zen «jazarpen poliziala»: agerraldian salatu dutenez, hainbat kide identifikatu zituzten, haietako batzuei etxeraino jarraitu zieten, bideoz grabatu zituzten, eta sindikatuko kideek horren kontrako elkarretaratzea egin zutenean, Bilboko udaltzainek isuna jarri zieten.

Azkenean, maiatzaren 11n hustu zuten solairua, eta han zeuden hiru kide identifikatu egin zituzten. AZETeko kideek Bilboko Udala egin dute gunea hustu izanaren «arduradun politiko». Orotara, Arrakalako partaideek hiru isun jaso dituzte mozal legea deritzona ezartzearen ondorioz, eta hiru kideren kontrako bide penala abiarazi dute.

Agerraldia egiten ari zirela, sostengua ematera joandako auzokideek Mallonako eskailerak hartu zituzten, eta pankarten bidez Espekulazioari eta errepresioari stop eta Autodefentsaz espekulazioari aurre egin leloak osatu zituzten. Beste mobilizazio baterako deia ere egin zuten: datorren ostiralean izango da, urriak 8, 18:30ean, Unamuno plazatik abiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.