UPNk PPri leporatu dio Navarra Suma koalizioa amaitutzat ematea

Javier Esparzak «estrategia aldaketa bat» ikusten du PPn. UPNk uda amaitutakoan hartuko ditu Navarra Sumaren inguruko erabakiak

Irati Urdalleta Lete.
2022ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Irmo mintzatu da PPren aurka Javier Esparza UPNren presidentea: «Aldebakartasunez» Navarra Suma koalizioa bukatutzat eman izana egotzi dio PPri. Izan ere, Esparzaren hitzetan, PPk alderdiaren siglak koalizioaren aurretik jarri ditu: «Argi dago PPk amaitutzat eman duela Navarra Suma, eta, horrekin batera, aldebakartasunez eta komunikabideen bidez hautsi egin du Espainia osoan zentro-eskuina batzeko gauza izan den proiektu bakarra».

Miguel Tellado PPren Antolakuntza idazkariordeak ABC egunkariari emandako elkarrizketaren harira egin dizkio adierazpenok Esparzak Europa Press berri agentziari. Telladok esan du autonomia erkidegoetako datozen hauteskundeetan planteatzen duten bakarra dela beren siglekin aurkeztea, eta, gainera, adierazi du zentro-eskuina PPren inguruan batu behar dela. Dena den, ez du baztertu UPNrekin koalizioan joatea.

Esparza, ordea, ez dago ados: «Nafarroan zentro-eskuina UPNren inguruan antolatzen da, eta hura da Nafarroako alderdi nagusia ere». Horiek horrela, PPn «estrategia aldaketa bat» ikusten du: «Navarra Suma koalizioa babestetik amaitutzat ematera igaro dira, beren siglak aurretik jartzen dituztelako».

Beraz, ez dago argi orain arte UPNk, PPk eta C's-ek osatu duten koalizioaren etorkizuna. Esparzak jakinarazi duenez, UPNk uda amaitu ostean erabakiko du Navarra Sumaren inguruan. Dena delakoa erabakita ere, beti Nafarroaren alde egingo dutela ziurtatu du Esparzak: «Inork ez dezala zalantzarik izan UPNk beti defendatuko duela Nafarroarentzat onena iruditzen zaiona, uste dugulako Nafarroarentzat ona dena UPNrentzat ere ona dela». Nafarroako Gobernua du begiz jota: «UPNk duen helburua da Nafarroan zentzuzko gobernu bat lortzea, berriz oparotasuna ekarriko diguna eta jendearen alde lan egingo duena. Hori da nahi duguna, eta horren alde lan egingo dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.