Kishidak gehiengoa indartu du Japoniako hauteskundeetan

Jarduneko lehen ministroak ekonomiaren suspertzea eta atzerri politika ditu lehentasun

Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Inkestek iragarria zutenaren kontra, Japoniako Parlamentuaren behe ganberan zuen gehiengoa indartu du Fumio Kishida jarduneko lehen ministroak. Haren Alderdi Liberal Demokratikoak 261 eserleku eskuratu ditu ganberako 465etatik, eta, beraz, gehiengo osoa bermatua dauka, beste inorekin akordioetara iritsi beharrik gabe. Liberalek gobernuan koaliziokide duten Komeito alderdiak, gainera, 32 ordezkari izango ditu. Garaipenaren ostean, erreforma ekonomikoak eta aliantza diplomatikoak indartzeko mugimenduak iragarri ditu Kishidak.

Hilabete eskas darama boterean jarduneko gobernuburuak, eta Japoniaren epe laburreko beste agintari bat izango ote zen argitu behar zuten igandeko bozek. Bada, emaitzak ikusita, bere politikak bultzatzeko aukera izango du, udan parlamentuko goi ganberarako bozak izan aurretik.

«Egonkortasun politikoa» agindu du Kishidak, garaipenaren ondorengo agerraldian. Baina, aldi berean, «neurriak ezarriko» dituen gobernu bat eratuko duela ziurtatu du. «Kapitalismo berri bat» jarri nahi du indarrean. Pandemiaren osteko suspertze ekonomikoa izango du kezka nagusietako bat, eta kontsumoa suspertzeko neurriak iragarri ditu. Horien artean, «soldata igoerak» eta «estimulu programak».

Bere diskurtsoetan hainbatetan aipatu izan du «aberastasunaren banaketa». Aberatsenei zergak igotzeko proposamenak ere egin ditu. Hori dela eta, merkatuak urduritu egin dira azken asteetan. Hauteskunde garaipenarekin, ordea, %2,6 igo zen burtsa, agintariak «merkatuen konfiantza mantendu behar» zela adierazi ostean.

Atzerri politika izango da hurrengo agintaldiaren beste ardatzetako bat, Kishidak azaldu duenez. Japoniaren aliantza diplomatikoak indartu nahi ditu. Liberalek defentsarako diru poltsa bikoiztea proposatu dute, Txinaren ahal militarraren aurka berea indartzeko ahaleginean. «Garrantzitsuena da etengabeko azterketa egitea herritarren bizitza eta bizimodua babesteko sistema bat badela ziurtatzeko, nazioarteko egoera aldakorra den garai honetan».

Kishidak gaur izango du bere diplomazia abian jartzeko aukera, Glasgowra iritsiko baita, COP26 goi bilerara. Hainbat agintarirekin bitariko bilerak egingo ditu han.

Hain justu, klima larrialdiari aurre egiteko politiketan Asiako «lidergoa» hartu nahi duela adierazi du. 2050 urterako du iragarria Japoniaren karbono neutraltasuna, eta, helburu hori lortzeko, energia nuklearra aukera baliagarria dela adierazi du, Fukishimako hondamendia gogoan hura baztertzeko eskatzen dioten ahotsen kontra.

Porrotik ere izan dute liberalek. Akira Amari alderdiko burua eserlekurik gabe gelditu da, eta dimisioa aurkeztu du. Toshimitsu Motegi jarduneko Atzerri ministroa izango da alderdiaren gidari berria. Kishida datorren astean inbestituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.