ANALISIA

Hamaikagarren katebegia izan da

Jon Ander De la Hoz - BERRIAko Realaren berriemailea

2018ko abenduak 28
Sei hilabete pasatxo, eta hamazazpi neurketa. Horra Asier Garitanok Realean egin duen ibilbidea. Motza irudi lezake, baina, amaitzear den urteari erreparatuz gero, zer pentsatua ematen duen datua da: kontraesanezkoa dirudien arren, aurten txuri-urdinen aulkian partida gehien egin duen prestatzailea izan da bergararra. Bi aldagai horiek lotuta ikusteak, hausnarketari ez ezik, kezkari ere ateak zabaltzen dizkio, agerian uzten baitu Realak azkenaldian ez duela proiektu bat egonkortzeko gaitasunik izan.

Gauzak ez zaizkio nahi bezala atera Garitanori. Horren zalantzarik ez da Donostian; kosta egin zaio partidak aurrera ateratzea, eta maiz aurkariaren proposamenaren arabera aritu izanak taldearen erasorako gaitasuna bigarren mailan utzi du. Alabaina, unean uneko egoerara egitea izan da Garitanori hasieratik eskatu zaiona, eta entrenatzaileak tinko eutsi dio ideia horri. Eraginkortasunaren izenean lehiatu da beti, lehentasuna jokoari eman beharrean emaitzei emanez.

Halaber, agerikoa izan da Realaren azkenaldiko gabezia handienetako bat konpontzeko izan duen engaiamendua. Gol asko jasotzea izan da arazo hori, eta erremedioa jartzea izan du helburu nagusietako bat. Ez da gaizki moldatu horretan, partida kopuru berean aurreko sasoian Eusebio Sacristanekin baino zortzi gol gutxiago jaso baitituzte donostiarrek. Horrek erasoari pisua eta distira kendu izana leporatzen dio zenbaitek. Ez da harritzekoa, egungo futbolean emaitzen berehalakotasunak izugarrizko garrantzia baitu, eta golik gabe ez baitago emaitza onik. Eusebiorekin 29 sartu zituen Realak; Garitanorekin, 18.

Nolanahi ere, epe luzerako proiektu gisa aurkeztu zuten, eta, hori horrela, bere ibilbidea porrota izan da. «Aldaketa handia» izango zela iragarri zuten klubeko arduradunek Garitano fitxatzean, eta, hein batean, kontratuaren bidez berretsi zuten asmoa, hiru urterako sinatu baitzuen. Organigrama aldetik ere aldaketa sakona izan zuen Realak, eta bazirudien bat-batekotasunaren zurrunbilotik ihes egin nahi zuela Donostiako klubak. Roberto Olabe izan zen, besteak beste, itxuraldatutako organigrama horretako figura garrantzitsuenetako bat. Otsailean kaleratutako Lorenzo Juarros kirol zuzendariaren kargua hartu zuen, eta gasteiztarra izan zen Garitano entrenatzaile posturako onetsi zuena.

Realak, baina, lehengo lepotik burua. Iragan abenduaren 20an hamar urte bete ziren Jokin Aperribai presidente hautatu zutenetik. Hamar urtean beste horrenbeste entrenatzaile izan dituzte txuri-urdinek. Urteko bat, batez beste. Gehitxo jarraitutasunaren izenean harrobia ikurtzat nahi duen elkarte batentzat. Funtsean, Aperribairen kateko hamaikagarren katebegia izan da Garitano.

Orain Imanol Alguacilen txanda da. Etxea ezagutzen du, eta «etorkizunari begira» egindako hautua dela adierazi zuten Aperribaik eta Olabek herenegungo agerraldian. Martxotik maiatzera bitarte taldeko prestatzaile izan zen, aurrez lan ona egin zuen harrobian, eta ehundik gora partida jokatu zituen txuri-urdinez. Hura izan zen aurtengo negu ilunaren ostean taldearen jokoa loratu zuena. Bederatzi partidatan pizgarri lanak egin zituen.

Egun, erabat ezberdina da egoera. Aurreko aldian taldea hartu zuenean Realak ez zuen benetako arriskurik, eta exijentzia txikiagoa zuen. Lau puntura ditu jaitsierako postuak, eta lehen itzulia amaitzeke dago. Denborak eta emaitzek esango dute apustua balekoa izan den, edo proiektu egonkorraren bila doan beste katebegi bat gehiago den. Diotenez, «konfiantza» dute harengan; horixe behar du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna