Alaves 0-0 Athletic

Ez hotz, ez bero

Distira eta joko gutxiko lehia jokatu dute Alavesek eta Athleticek. Joko zuzen gehiago izan da, hegaletakoa baino
Yuri Athleticekoa eta Guidetti Alavesekoa lehian, atzoko partidan.
Yuri Athleticekoa eta Guidetti Alavesekoa lehian, atzoko partidan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Ainara Arratibel Gascon -

2018ko abenduak 18
Epailea. Mateu Lahoz. Txartel horiak erakutsi dizkie: Alaveseko Duarteri, Bastoni; eta Athleticeko Dani Garciari, Iñigo Martinezi. Bestelakoak. 19.349 ikusle bildu ziren Mendizorrotzan.

Alavesek eta Athleticek hiru puntuak batu nahi zituzten, beren helburuetan beste urrats bat egiteko. Arabarrek Europako postuetan sendotzea bilatzen zuten, eta bizkaitarrek jaitsiera postuetatik irtetea. Baina bakarra batu zuten, eta ez hotz, ez bero geratu ziren. Lehen zati amaieran izan zituen Athleticek bere aukerarik garbienak, eta Alavesek bigarrengoan. Baina hortik harago, bi taldeek ez zuten asko arriskatu nahi izan, eta halakoetan ohikoa den moduan 0-0 amaitu zen lehia.

Derbietan ohikoa den moduan, intentsiatea eta emozioa gailendu zitzaien jokoari. Atzealdea zaintzea izan zen bi taldeen ardura nagusia, eta huts larririk ez egitea. Erasoan, berriz, joko zuzena egiten saiatu ziren, zelai erdian gutxi jokatuta. Alaves Ibairen eta Jonyren bidez sokantasuna lortzen saiatu zen, haien erdiraketak Guidettik eta Callerik baliatzeko. Baina Herrerinen aurrean aukera garbirik sortu gabe.

Gainera, pixkanaka hegalak galtzen joan zen. Athletic, berriz, baloiaren jabetzatik abiatuta, konfiantza hartzen joan zen, eta Pachecoren atera geraturatzen, batez ere 25. minututik aurrera. Hain zuzen ere, orduan izan zuen Gaizka Garitanoren taldeak partidako lehen aukera. Raul Garciak area ertzean baloia jaso, eta jaurti zuen boleaz; atezainak, ordea, ondo geratu zuen. Lehen zati horretako beste abagunea Adurizen oinetatik ailegatu zen, 41. minutuan. Raul Garciak buruz utzi zion baloia, eta donostiarrak errematatu zuen. Baina gutxigatik joan zen kanpora baloia. Athletici azken erdiraketetan edo paseetan asmatzea falta izan zitzaion.

Abelardok beste itxura bat eman nahi izan zion Alavesen erasoari. Hala, bigarren zatia hasterako Sobrino zelairatu zuen, eta Guidetti kendu, abiadura eta mugitzeko gaitasun gehiago bilatuz. Baina lehen abisua Athleticek eman zuen, Cordobaren jaurtiketa batean, 54. minutuan. Pachecok, alabaina, ondo erantzun zuen. Hurrengo jokaldian, Sobrino gutxigatik ez zen ailegatu bigarren zutoinean erdiraketa batera.

Partida aurrera joan ahala, bi taldeek ontzat ematen joan ziren berdinketa, eta jokoak are gehiago itsusitu zen. Baloi luzeen bidez ahalegindu ziren, baina alferrik. Aldaketak ere ez ziren pizgarri izan. Izan ere, Alavesen Bastonek apenas sortu zuen aukerarik, eta antzera pasatu zen Athleticen Muniainekin eta Williamsekin.

Azken ordu laurdenean etxekoek estutu egin zuten, Athleticek pauso bat atzera egin zuela baliatuz. Garitanoren taldeak gogoan izango zuen sasoi honetan Alavesek partida bat baino gehiago irabazi duela azken txanpan. Eta izan zuen horretarako abaguneren bat, argiena, Callerik, 78. minutuan. Pachecok luze atera zuen baloia, Iñigo Martinezek ez zuen ondo aldendu, eta Calleriri iritsi zitzaion baloia. Hark bitan pentsatu gabe errematatu zuen, baina gurutzatua joan zen baloia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna