Bilbo Artek bigarren egoitza izango du datorren urtean

Abandoibarrako ibaiertzean egongo da gune berria, eta 650 metro koadro izango ditu

Inigo Astiz
2022ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Bilbo Artek mende laurden beteko du datorren urtean, eta bigarren eraikina izango du ordurako. Egun Bilboko Urazurrutia kalean duen egoitzan jarraituko dute artistentzako tailerrek eta administrazio zerbitzuek, eta erakusketak egiteko eta biltegi modura erabiltzeko baliatuko dute gune berria. Abandoibarran egongo da gune hori, Uribitarteko moiletan zehazki, eta 650 metro koadro izango ditu.

Eraikina «txiki» gelditzen ari zelako hartu dute erabakia, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak azaldu duenez. Izan ere, 500 obra baino gehiagoko funtsa gordetzen du egun eraikinak, eta, alkateak onartu duenez, nagusiki artelan kopuru horrek eraman zituen pentsatzera proiektuak gune berri bat beharko zuela. «Erakusketa gune berriak bi kontu konpontzen ditu: Urazurrutiako eraikineko tokia libratzen du, eta obrak gordetzeko tokia ematen du».

Biltegiak hartuko du eraikin berriaren erdia, eta erakusketak egiteko izango da beste erdia. Aburto: «Ikusgaitasun handiagoa emango digu horrek, eta aukera emango digu gurearen moduko Europako beste zentroekin konexioak sortzeko».

Guztira, 580.000 euroko aurrekontua izango dute lanek, eta hamar hilabete iraungo dutela espero dute. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak emango dute diru hori, eta eraikin berria datorren urteko azarorako nahi dute martxan. Bilbo Arte lehenengoz ireki zutenetik 25 urte beteko diren honetan, hain justu.

Beka aldi luzeagoak

Urazurrutiako eraikinean ere aldaketak izango dira. Administrazio zerbitzuak beheko solairura pasatuko dituzte, hirugarren solairuan mantenduko dira tailer guztiak, eta artistentzako lan esparruak izango dira lehen eta bigarren solairuak.

Eraikin berria eraikitzeaz gain, zentroak artistei eskaintzen dizkien beken iraupena luzatzeko asmoa dute arduradunek.

Javier Riaño Bilbo Arteko egungo zuzendariak gogorarazi duenez, orotara 764 artista bekadun izan ditu zentroak orain arteko 24 urteetan, eta, proiektuak dituen azpiegitura eta aurrekontua kontuan harturik, datua «nabarmentzekoa» dela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.