Donostiako 68. Zinemaldia. KRITIKA. Horizontes Latinos

Doluaren zurrunbiloan

Amaia Garcia.
2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun

'Mamá, mamá, mamá'

Zuzendaria: Sol Berruezo Pichon-RiviereHerrialdea: ArgentinaIraupena: 65 minutu

Umeen sufrimendua gutxitan ikusten da pantaila handian. Zuzendari askok umeekin lan egitea errefusatzen dute, haiek zuzentzea konplexua izaten delako. Sol Berruezo zuzendariak ez zuen dudarik izan bere aukeraketa egin zuenean. Haren istorioa umeek eta nerabeek bizitakoa da, eta haiek behar zituen filma egiteko. Zailtasun horri gehitu behar zaio animaliak ere agertzen direla haren lanean. Arazo horiei guztiei irtenbide aparta aurkitu die, eta istorio xarmant eta gogor bat kontatzen digu zuzendari argentinarrak.

Lan hau Berlingo Zinemaldiko Generation Kplus atalean aurkeztu zuten, eta bertan Nazioarteko Epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen. Ez da harritzekoa sari hori jaso izana, filmak samurtasun handiz kontatzen duelako neska gazte baten heriotza. Igerilekuan ito egiten da umea, eta ama eta ahizpa shock egoeran daude. Lucrecia Martelen zinema gogoan eduki dezakegu filma ikusten dugun bitartean. Igerilekuaren inguruan gertatzen da dena, beroa egiten du, eta umeak ezin dira bertara sartu.

Hil egin den haurraren ama eta ahizparen inguruan hildakoaren izeba eta lehengusinak daude, eta, haiei esker, dolu hau bideratuko dute. Film laburra da, baina asko kontatzen da bertan; ume garaitik nerabezarora pasatzen ari da Cleo. Ahizpa hil berri da, eta hilekoa jaitsi zaio lehenengo aldiz. Lehengusinak lagunduko dio prozesu horretan, bai ahizparen doluan eta bai hilekoarekin erritu moduko bat eginez. Umeen arteko erlazioa da erakusten diguna. Emakume izatearekin datozen gatazkak ezagutzen ari dira, gorputzaren aldaketak dakartzanak batez ere. Bitartean Cloeren ama eta izeba gelan egongo dira negarrez.

Haurtzaroan oinarritutako terapia kolektibo aparta da filma, elkarren arteko babesa baita garrantzitsuena. Sororitatearen irudi bikaina da Sol Berruezok aurkeztu diguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.