Ospatzeko betarik gabe

Kurduen milizien koalizioak hilaren 23an aldarrikatu zuen Estatu Islamikoaren kalifa herriaren azkena. Argitzeko dago herri horrek Sirian izanen duen etorkizuna; bertzeak bertze, Turkiaren presioarengatik.

Kurduen Newroz jai nazionalaren ospakizunak, duela astebete, Diyarbakir hirian. SEDAT SUNA / EFE.
mikel rodriguez
2019ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Garaipen hau opari gisa ematen diogu mundu guztiari». Chiya Firat komandante kurduak erran zituen solas horiek joan den larunbatean Siria ekialdeko Baghuz hirian. EI Estatu Islamikoaren kalifa herriaren bukaera aldarrikatzeko mezua irakurri zuen Firatek, mundu osoan, baina bereziki Kurdistanen luzaroan itxaron zuten garaipenaren aldarrikapen ofiziala. Egun berean, Ayten Beçet militante kurduak bere buruaz bertze egin zuen Turkiako espetxe batean, Abdullah Ocalan PKK Kurdistango Langileen Alderdiko buruzagiaren bakartze egoeraren aurka protesta egiteko. Historia hurbilean kurduek gutxitan izan dute garaipenak aldarrikatzeko aukera, baina joan den larunbateko egun historikoaren ondoren ere zalantzaz beteriko etorkizun bati aurre egin behar dio herri horrek, banatuta dagoen lau zatietan.

EIk kalifa herria 2014ko ekainean aldarrikatu zuen, baina Siriako kurduen YPG Herriaren babes Unitateak lehenagotik ari ziren muturreko talde islamista sunita horren aurka borrokan. 2015eko urrian SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizioaren sorreran parte hartu zuen YPGk, eta koalizio horren indar nagusia izan da ordutik. Kalifa herria suntsitu ondoren, bi lehentasun sortu zaizkio SDFri: bata, preso hartu dituen EIko kideekin zer egin; bertzea, EI gerrilla gisa antolatzen hasi denez, mehatxuaren eraldatze horri aurre egiten hasi —herenegun Manbij hirian SDFko zazpi kide hil zituzten segada batean—.

SDFren arabera, koalizioak urtarriletik EIko 5.000 kide baino gehiago hartu ditu preso, eta muturreko islamisten 9.000 senide atzerritar errefuxiatuentzako zelai batean ditu Siria ekialdean. Senideez ardura daitezela eskatu die jatorrizko herrialdeei, eta nazioarteari, berriz, auzitegi bat sortzeko, EIko kideak epaitu ditzan.

Epe ez hagitz luzera, ordea, Siriako kurduen erronka nagusia izanen da Eufrates ibaiaren ekialdera eratua duten federazio autonomoarekin zer gertatuko den, Turkia etengabe ari baita inbasio batekin mehatxatzen, eta Siriako Gobernuak ere agintepera itzularazi nahi du eremua. Badran Jia Kurd federazio autonomoko kideak atzo Damaskori eskatu zion laguntzeko Turkiaren balizko inbasio baten aurka.

Suizidioak espetxeetan

Turkian bertan, Kurdistango gatazkaren egoera guztiz blokeatuta dago. Astebetean lau presok egin dute beren buruaz bertze Ocalanek espetxean duen bakartze egoera muturrekoa salatzeko, eta Kurdistango burujabetzaren aldeko erakundeek bertze presoei eskatu diete halakorik ez egiteko. Turkia prest dago bere mugetatik kanpo eramateko kurduen aurkako errepresioa, eta duela astebete erran zuen Kurdistan ekialdean banatzen duen mugan Irango armadarekin batera jo zuela «PKKren aurka» —Teheranek ukatu egin zuen hori—.

«Iraultza honek aukera bat eman digu emakumeoi»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.