Yolanda Urarte Alonso. UAGAko presidente ohia eta Trebiñuko zinegotzia

«Pentsa daiteke patuak erabakita zuela ni landa eremuan aritzea»

Urartek hamaika lan izan ditu bost hamarkadatan: sindikatuetan, landa etxean, taxi gidari gisa, Trebiñuko Udalean zinegotzi, gazte eta profesionalen prestakuntzan... Guztia, Argote herrian.

IHANA IRIONDO / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Yolanda Urarte Alonso (1968) Gasteizen jaio eta bizi izan zen adinez nagusi izan arte, baina txiki-txikitatik izan du harremana landa eremuarekin. Hobeto esanda, Trebiñuko konderriarekin. «Trebiñar peto-petoa naiz; lau aitona-amonak hangoak ditut». Albaita herrian bizi zirenen etxean eman zituen Urartek egun asko, txikitan: asteburuak, Aste Santua, udako hilabete asko, Gabonak... Baina ez du uste hortik datorkionik landa eremuarekin gerora izan duen harremana. «Lau anai-arreben artetik ni izan naiz landatar atera den bakarra». UAGA Arabako Nekazarien Elkarteko presidentea izan zen, eta, egun, Trebiñuko Udalean zinegotzi da.

Zergatik ikasi zenuen albaitaritza?

Laborantza Ingeniaritza ikasi ez nuelako. Hau da, ez nuen albaitaritza ikasi animaliak maite ditudalako. Ikasketa horietan, Ekonomia eta Laborantza Ekoizpena adarra aukeratu nuen: landa eremua ikuspuntu ekonomiko batetik.

Esan duzu inoiz ez diozula ikasteari utzi. Zergatik?

Hiltzen naizenera arte ikasten jarraituko dudala uste dut. Pasioa daukat. Mundu bat dago ikasteko: ezagutzak, sentipenak, elkarbizitza... Euskara ondo ikasi ez izana da orain arte dudan penarik handiena, baina denbora dut.

Noiz izan zenuen lehen harremana Trebiñuko nekazaritzaren sektorearekin?

Unibertsitatean ikasten egon nintzen garaian. Apaiz batek lan handia egin zuen Trebiñuko konderrian elkarteak sortzeko. Sustatu zituen elkarteen artean, nekazaritzari buruzko hausnarketa talde bat egon zen, Albaitan. Hamaika gaiez hausnartu genuen: landa garapena, laborarien beharrak, lur kooperatibak sortzea...

Hausnarketa talde horretan sartu zinenean, asmoa zenuen landa eremura bizitzera joateko?

Interes batzuk nituen, baina ez nuen halakorik buruan. Tira, pentsa daiteke patuak erabakita zuela ni landa eremuan aritzea.

Zergatik?

Senarra ezagutu nuen, eta bere ogibidea eta bizitza nekazaritza da. Hor, aukeratu egin behar izan nuen, eta argi nuen gustuko nuen pertsonaren lana ezin zela lekuz aldatu: lurrak daude dauden lekuan, eta bertan landu behar dira.

Ikastea gustuko duzula aipatu duzu, baina urteak eman dituzu besteen prestakuntzan lanean: Gasteizko Udalean, EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunean...

Ikastea oso polita bada, pentsa zer ematen duen jendea prestatzeak. Hori bai, mugarik gabe irakasteaz ari naiz.

Nola da hori?

Bizitzan bi irakasle edo nagusi mota daude: ikaslea edo mendekoa haren ezagutza mailara helduko den beldur dena, eta mugarik jartzen ez duena. Hau da, dakiten guztia irakasteko prest daudenak, eta, gainera, bitartean ikasi egiten dutenak, haien kabuz edota ikasleengandik ikasiz.

EHNEko ikastaroetan izan zenuen lehen harremana sindikatu batean lanean?

UAGA ezagutzen nuen, baina EHNErekin lehen harremana izan zen. Inkesta batzuk egiteko deitu zidan ezagun batek. Gerora, prestakuntza atalean sartu nintzen. Ondoren, idazkari nagusi izatea proposatu zidaten.

Aldaketa handia izan al zen?

Garai horretan, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa zeuden ordezkatuta. Bakoitzak hiru ordezkari zituen; hau da, bilkuretan hamabi pertsona zeuden, denak aginte maila berarekin. Garai horretako batzarretan ez zen giro. Azkenean, hamar baldintza jarri nituen lanean jarraitzeko. Hori bete ezean, kargua utziko nuen.

Zeintzuk ziren baldintzak?

Ez ziren ekonomikoak, ezta ordutegiari zegozkionak ere. Lan egiteko moduari eta pertsonen arteko harremanei lotuta zeuden. Errespetua bermatzeko neurriak ziren.

Eta?

Abuztuan jarri nituen baldintzak, eta urrian joan nintzen. Ezagun batek esan zidan «suizidio profesionala» izan zela.

Dena den, handik gutxira hasi zinen landa etxearekin, Argoten: Aldeas de Treviño.

Beti izan nuen ideia hori buruan. Aukera suertatu zen, eta hori egin genuen. Bigarrenarekin haurdun nengoen garaian aurkeztu nuen proiektua, Briviescan [Burgos, Espainia].

Noski, Trebiñun egonda Gaztela eta Leonen legeak dituzue...

Eta hango legedia ez da EAEkoa. Horrek arazoak eta zailtasunak sortu izan dizkigu. Barbakoa pizteko araudia Araban baino murriztaileagoa da, adibidez. Horrez gain, arauak hala aginduta, ezin dugu gosaririk eman. EAEn, aldiz, bai. Tira...

Zergatik itzuli zinen berriz sindikatu batean lan egitera?

Inkesta batzuk egiteko deitu zidaten. Orduan ez zidaten horren erraz jarri familia eta lana bateratzea. Zorionez, gauzak aldatu direla uste dut. Bi haur, Gasteizen lanean, eta landa etxeko obrak... Gogorra, baina guztion artean eraman genuen aurrera.

Lana amaitu eta gero itzuli zinen UAGAra... presidente gisa.

Lantalde batzuetan parte hartzea proposatu zidaten. Hortik proiektu bat atera zen, eta UAGArako hautagaitza sortu genuen. Horien artean, hiru emakume geunden: Eva Lopez de Arroiabe, Nieves Kintana eta hirurok.

Eta atera zineten.

Espero genuenaren kontra! Bide bat irekitzea zen gure asmoa, lau edo zortzi urte aurrerago emakume gehiago aurkez zitezen. Baina atera egin ginen. Eta... oso garai polita izan zen.

Zergatik?

Lan eskerga egin genuen, eta gure artean giro bikaina sortu genuen. Erabakiak asko eztabaidatzen genituen, eta muturreko iritziak egon zitezkeen, baina, behin erabakita, taldearen erabaki gisa ulertzen zen. Eta eztabaida sutsuak izan genituen, baina errespetuz. Errespetua galtzear zegoena gelatik ateratzen zen, bere kabuz.

UAGAko presidente izateari utzi eta zortzi urtera, nola ikusten duzu garai hura?

Oso eskertuta nago hori bizi izan nuelako. Ez naiz kartazalea, baina bizitza karta jolas baten moduan ikusten dut. Bizitzak karta batzuk ematen ditu; beste batzuk norberak hartu behar ditu; beste batzuk, bilatu... Eta horrekin hautuak egin behar dira. Batzuk bota, beste batzuk hartu... Eta dituzunekin ahalik eta ondoen jokatu.

Dituzun karta horien artean Trebiñun bizitzea dago: Araba barruan dagoen eskualdea, baina administratiboki Gaztela eta Leonen ardurapean dagoena. Nolakoa da horrela bizitzea?

Bizitzea... ez dakit. Baina hiltzen naizenerako espero dut egoera ezberdina izatea. Hona etortzean, erroldatu egin nintzen. Seme-alabak ere hemengoak dira. Hil ala bizikoa ez bada, hala jarraituko dugu. Trebiñar sentitzen gara. Badakigu edozein aukerak alde onak eta txarrak dituela, eta onartu egin behar dira. Baina badaude egoera batzuk...

Adibidez?

Alabari, jaioberritan, ebakuntza bat egin behar zioten. Bilbon, Bartzelonan edo Madrilen egiten zituzten ebakuntza horiek. Baina, Gaztela eta Leonen erroldatuta egoteagatik, Madrilera joan behar genuela esan ziguten. Azkenean ez zioten ebakuntzarik egin, baina orduan argi ikusi genuen zer ondorio zituen banaketa administratiboak.

Etxearen atarian «Trebiñu Araba da» bandera duzu.

Hori ere familiatik datorkit. Aitona bat espetxean egon zen banderan idatzita dagoen hori esateagatik. Aitona bizitza osoan arabar sentitu zen, eta hil aurretik hori esan zigun: Burgosen hiltzen ari zela. Horregatik, bizitza honetan dudan eginbeharretako bat da. Gaztarora arte ez nintzen horretaz jabetu, baina, gerora, Zortzigarrena fundazioan egin nuen lan: erreferendumak, gose grebak...

2017tik zinegotzia zara Trebiñuko Udalean, eta berriz atera zara azken hauteskundeetan. Zer egoera dago udal barruan?

Gehiengoa Araba izatearen aldekoa da, nahiz eta batzuek hitzetara gehiago jotzen duten ekintzetara baino. Batzuek pentsatzen dute ez dela horren garrantzitsua. Baina, pentsatzen hasita: ez gara 3.000 biztanlera heltzen, ez dago urrerik, ez dago petroliorik... Politikariak ez badira kapaz gai txiki hau konpontzeko, pentsa gai handiak. Borondate kontua baino ez da.

Azkenik, aurreko guztiari gehitu behar zaio taxi gidari lanetan ere aritzen zarela Trebiñun…

Arabako Foru Aldundiak autobus zerbitzua badu Trebiñun. Geltoki jakin batzuk ditu; hau da, ez da herri guztietan gelditzen. Gure lana da geltokirik ez duten herrietako bizilagunei zerbitzua ematea, etxetik geltokira eta geltokitik etxera. Hemendik aurrera, telefonogune batera deitu beharko dute. Gasteizko garraio publikoan dagoen sistema izango omen da, esan digutenaren arabera. Urteak eman dituzte lan horretan, eta taxi gidarioi ez digute kasu handirik egin.

Ez du ematen argiegi ikusten duzunik.

Kasu hori aipatu dut, baina beste asko izan zitezkeen. Bulegoetatik hartutako erabakiak dira, hiri ikuspuntu batetik. Erabaki horiek hartzen dituztenak ez dira fio herrietan bizi diren pertsonekin. Zergatik pentsatzen dute iruzur egin nahi diegula? Hiriko inteligentzia beste edozein baino hobea omen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.