inaki petxarroman
Zubietako errauste planta. Lanen geratzea auzitan. ANALISIA

Politikaren judizializazioa

2018ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
PSE-EEk eta EAJk bazekiten Zubietako erraustegia finantzatzeko Banesto eta La Caixarekin sinatu behar zituzten swap produktuek zer arrisku zuten. La Caixak Carlos Ormazabal GHK-ko presidenteari (EAJ) 2011n egindako ezagutzaren azterketan ondorioztatu zuen mailegu hori ez zela egokia harentzat, kontratua sinatzeko beharrezko ezagutzarik ez zuelako. Hala ere, eman egin zion. Eta Ormazabalek sinatu egin zuen. Dirua erabili zein ez, maileguari zegozkion interesak ordaintzeko hautua hartu zuten PSEk eta EAJk, jakin arren bozetan Bilduk irabaziz gero proiektua kolokan egon zitekeela. Kontratua ere 2011ko hauteskundeak baino egun gutxi lehenago sinatu zuten FCCrekin.

Swap-ek eragin dute Ainhoa Intxaurrandietari eta Iñaki Errazkini eskatu dieten 46 milio euroren galeraren zatirik handiena. Baina mailegua sinatzeaz arduratu ziren agintariek eraman dituzte Espainiako Kontu Auzitegiko epaileen aurrera Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandieta. Politikoki, gainera, esanguratsua da Margarita Mariscal de Gante Jose Maria Aznar PPko presidente garaiko Justizia ministroa buru duen epaile talde batek hartzea erabakia, ezker abertzaleko ordezkariekiko Madrilen den aurreiritzi giroak nekez lagun baitiezaieke epaiketa honetan.

2011n egiten hastekoak ziren Zubietako errauste planta gaindimentsionatuta zegoela bazekiten EAJko eta PSE-EEko kideek. Gai horren inguruko aholkularitza teknikoa emateko kontratatu zuten IBH ingeniaritza enpresak txosten batean ohartarazi zuen 2010ean, aurreikuspen baikorrenak beteta ere, Gipuzkoan gehienez ere 203.658 tona zabor sortuko zirela 2016an. Proiektua 260.000 tona kudeatzeko ahalmena zuenez, zaborra kanpotik ekartzeko aukeraz pentsatzen hasteko eskatu zien; besteak beste, Arabatik.

IBHk ez du huts egin aurreikuspenetan. Areago, motz geratu da, gaur egun 152.000 tona errefus bakarrik sortzen baitira Gipuzkoan. Beraz, zertarako nahi zuen GHK-k 260.000 tonako erraustegi bat? Hori da Intxaurrandietak eta Errazkinek euren defentsarako erabili duten argudio tekniko nagusia. Areago, kontuan hartuta, 2015eko bozak irabazi eta proiektuari berriz heldu diotenean, planta txikiago bat —200.000 tonakoa— diseinatu dutela EAJk eta PSE-EEk. Esan nahi baita: praktikan, arrazoia eman diete epaitegira eraman dituzten Bilduko kudeatzaileei.

200.000 tonarentzat diseinatu duten proiektu berria ere dagoeneko handi geratu bada ere, eta osasun adituen txostenek osasun kalteak saihesteko zuhurtziaren printzipioa lehenesteko eskatu badute ere, erraustegi bat egiten ari dira. Erlojuaren kontra, eta gipuzkoarren zati handi batek gustuko ez duela jakinik ere. 2019ko maiatzean amaitu eta lau hilabetean probak egin ostean, labeak martxan nahi dituzte. Tartean, baina, foru hauteskundeak daude, eta beste gehiengo batzuk ere osatzeko aukera egon liteke.

Zer gertatuko litzateke orain arteko plana bertan behera utzi eta hondakinak kudeatzeko beste modu bat martxan jarri nahi balute udaletako eta foru jauregiko maizter berriek? Galdera horrek erantzun posible bakarra edukitzea da Madrilgo epaiketaren helburu nagusia: hots, alternatiba politikoei bidea errotik moztea. Beste toki batzuetan hainbeste kritikatzen den politikaren judizializazio interasatua, funtsean. Ondorio pertsonal latzekin, zeresanik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.