Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Borroka

2017ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Chiapasen eta Oaxacaren arteko irla bat da Cachimbo. Huatulcoko badiako hotel handien neoiaren distira ikusi egin daiteke bertatik, baina bertan ez daukate elektrizitaterik. Leku txikiegia da nonbait elektrizitate enpresa handiak erakartzeko. Imajina dezakegun gauza guztien trafikoa pasatzen da Mexikoko irla horretatik, baina bertako eskolan irakaslerik ere ez dago. Pertsonen zein drogen merkatu beltza mantendu nahi dutenek nahiago dute iluntasuna, baina bertako biztanleek ahalik eta duinen bizitzeko eskubidea defendatzen dute.

Han bizi da Norma Guerra ere. «Mexikon jendea konformatu egiten da, baina borroka egiteko aukera dagoenean, egin egin behar da», esan dio kazetariari. Indiara joatea izan da bere borrokaren lehen urratsa. Mende erdia baino gehiago da adinez, baina irlako beste hiru emakumerekin batera joan egin zen Indiaraino. Hango unibertsitate batean izena eman zuten lau emakumeek, eta eguzki energian lizentziatu dira. Esku hutsik itzuli direlakoan, herriak gehien behar duena ekarri dute poltsikoan: Cachimbo argitzeko proiektua. Pentsatzekoa da ze iraultza izango den bertakoentzat botoi bat zapaldu eta bonbilla piztea, edo etxean garbigailua ipini ahal izatea, edo eskolan ordenagailu bat erabili ahal izatea.

Gure bazter honetan borroka ere ez genioke deituko Norma Guerraren balentriari. Bestelakoak dira gure borroka ereduak, bestelakoak gure erreferenteak; baina, pentsa Cachimbotik argirik gabe atera diren lau emakume horiek zertzuk biziko zituzten Indian. Ukabilarekin mahaia jo gabe eta kamuflajerako trajerik jantzi gabe ere, iraultza egin dute. Cachimboko edozein biztanlek egin zezakeen Indiara bidaia, baina lau emakume joan dira. Kasualitatez? Pentsatzekoa da munduak begiratu ere egin nahi ez dion irla batean emakume jaiotzea bera egunero borroka egiteko nahikoa arrazoi izango dela. Eta ausardiak borreroak adina aurpegi ditu, nahiz eta guk ez ditugun guztiak antzematen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.