UDA BETIKO BALITZ

Ahots bat

Lander Garro -

2016ko abuztuak 13
Pasa den astean izan nuen nire adiskide Mikel Garikoitz musikariaren seme Urtzi Errezolaren heriotzaren berri. Banekien gaixorik zegoela, baina irudikatu ere ez nuen egiten haren bizitza garaion amaitu zitekeenik. Azkenekoz Txingudiko merkataritza zentroan ikusi nuen, mutil puska sendoa, sasoikoa, aita bezain dotorea. Eta orain, jada, joana da betiko.

Lantzean behin gertatzen da ahots bat entzun uste izanaren sentimendua. Batzuetan ez dakizu ziur entzun ote duzun, ez daukazulako modurik hori egiaztatzeko, esate baterako kalean zaudenean eta, ez duzunean inor ikusten, baina inor egoteko aukerak errealak direla badakizunean. Beste batzuetan kontua askoz ere garbiagoa da: badakizu bakarrik zaudela eta, hala ere, ahots baten antza zeukan zarata bat entzun duzu, ahots bat ote den ez dakizuna. Eta badakizu zarata hori, seguruen, imajinatu egin duzula. Entzun, entzun egin duzu ordea. Edo hori iruditu zaizu. Eta pasatzen duzu durduza unetxo bat, zinez erotu ote zaren edo zinez zure etxean izpirituren bat bizi ote den erabaki ezinda.

Lehengoan igerilekuan, urpean gertatu zitzaidan, halako barre bat entzun izanaren sentipena. Nire seme Peruren barrea zen, eta, berehala, nire baitan kabalak egiten hasi nintzen. Zer litzateke inoiz hildako gertukoren baten ahotsa entzutea? Kaletik zoaz, edo ohean zaude, lokartzeko tenorean, edo sukaldean bazkaria egiten, eta, halako batean, ezustean, hildakoaren ahotsa sumatzen duzu, hizketan, barrez edo oihuka... berdin dio: bere ahotsa.

Burua uretik atera nuen, Peru bilatu nuen, eta han zegoen, igerilekuaren beste puntan, bere gorputz meharrarekin, salto egiteko pronto. Eskua jaso eta hots egin nion. Beste puntatik agurra itzuli zidan, eta eskua jaitsi gabe, urera bota zen, alai.

Zorionekoa naiz, Peru han zegoelako, agur egin niezaiokeelako. Zorionekoa, diot, oraindik ez nagoelako oso gertuko inor galdu duten horien multzoan, nahiz eta badakidan hara joatea inoiz egokituko zaidala. Bizitzaren legea da. Kontua da orain arte itzuri egin diodala, hemen ditudala guraso, anai-arreba, seme-alaba. Baina hasia naiz ohartzen, inoiz, ahots bat entzutean, hura ez dagoen norbaitena izango dela akaso.

Ezin dut imajinatu zein izango den Mikelen sufrimendua uneotan. Kontsolagarri izan dakiokeen hitzik ere ez daukat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna