Ana Jaka
BIDAIA TXIKIA

Argazkirik gabe

2014ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Badakit zaila dela, ia ezinezkoa, kamera gurekin daramagu eta, mugikorren eboluzioari esker. Unean atera eta berehalakoan jar dezakezu sarean, gainera, zure berri emateko: hemen nago, ikusi zelako paisaia ikusgarria, lagun jatorra, maitale ederra. Pozik pozik pozik pozik nago. Irribarretsu gehienetan, gure alderik politena erakustearren, eta, noizbehinka ere, keinu dibertigarrian, barreak ateratzeko asmoz. Azken batean gure lagunentzat ari gara, eta hoberena eman nahi diegu; haien beharra dugulako edo eskuzabaltasun hutsez. Askotan pentsatzen dut ez ote diren gauza bera: beharra eta eskuzabaltasuna. Nork esan zuen, bada, ematen duguna dela jasotzen duguna? Ez dut, beraz, halakorik kritikatzen, ez naiz nire lagun baten ustekoa, zeinentzat Facebooka, Instagrama eta abarrak harrokeria-feria diren. Harreman tresna berriak dira, harroputza denarentzat eta ez denarentzat, bakoitzari berea.

Hitzen aldeko apustua egin nahi nuen. Bidaietan, liburu on parearekin batera, koadernotxo bat eramaten dut beti, beste motatako irudiak harrapatzeko. Mugikorretan ere badago agian ikusi ez duzuen aplikazio bat: Oharrak izenekoa. Argazkiak ateratzeko bakarrik ez, oharrak hartzeko ere balio du mugikorrak. Hura ere koadernotxoa bihur daiteke. Batean zein bestean bidaiaren panoramak, elkartzeak eta unean uneko aldarteak jaso ditzakegu. Beste era batez. Hitzek, gainera, zentzumen guztiek hautematen dutena deskriba dezakete. Gogora etortzen zaizkit askotan Oportoko antxeten oihuak, Salamancako haize leuna (nork irudika lezake paisaia lehor horren erdian?), behin koaderno batean idatzi nituelako.

Eta bai, baditugu Facebookeko egoeraren eguneratzeak: zer ari zara pentsatzen? Baina zenbat ausartzen da hitz soilak argitaratzen, irudi baten makulurik gabe? Azkarrak dira irudiak; hitzak, aldiz, pentsatu beharrekoak, barnetik pasatu beharrekoak. Pribatuegiak, nik uste, gure lagun edo irakurleak inplika ez daitezen. Baina, ateratako argazki guztiak argitaratzen ez diren bezala, oharrak ere ez. Hartzea da gonbita, irudiak (eta beste) barnetik pasatu, sentitu, pentsatu, gure baitan dugun teknologia hoberena erabiliz, ondoren besteei (onena) emateko ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.