Ana Jaka
BIDAIA TXIKIA

Axola duen bakarra

2014ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Azkenaldi (luze) honetan, ez nau gehiegi kezkatzen ondoan dudana heterosexuala, homosexuala edo pansexuala den. Txorakeria dirudi, eta esango didazue ni ere ez, zer uste? Baina ez naiz onarpenaz ari. Denok elkar errespetatzen dugula pentsatzeko joera dut, horixe bakarrik behar genuen! Salbuespen mordoa dagoela jakin arren, ez dut nire arazotzat hartzen, are gutxiago horrelako pertsonekin denbora galtzen. Pauso bat haratago joan nahi nuen: eguneroko harremanetan eta, zehatzago, norbait gustuko dudanean, horretan pentsatu beharko nukeen ala ez bota nahi nizuen galderatzat.

Nik, igarriko zenuten bezala, ezetz diot. Heterosexualitate-presuntzioan mugitzen gara guztiok. Baina hortik atera daiteke. Adibide bat, argitze aldera: mutila zara eta neska bat gustatzen zaizu. Mutilak gustuko dituela suposatzen duzu, inkontzienteki; hasteko, ez zaude baztertuta. Beste bat: neska zara eta neska bat duzu gustuko. Mutilak gustuko dituela suposatzen duzu, inkontzienteki; hasteko, baztertuta zaude.

Bigarren kasuan, inkontzientea dena kontzientera igarotzen da berehala, eta kezka bihurtzen da: neskekin izan al ditu harremanak? Izango lituzke? Zuzenean ala zeharka galdetuko diozu, edo balizko aztarnak bilatuko (ile orrazkera, arropa, hain eztabaidagarria den luma...). Gehienetan, axola duen bakarra, hau da, zu gustatzen zatzaizkion ala ez, planteatu ere ez da egingo balantza alde horretara makurtuta ikusi arte. Zelako lanak.

Eta nik diot: zertarako? Axola duen bakarra bestelakoa bada. Zergatik? Eta beldurra hitza datorkit burura. Errefusatua izateari? Hori ez al zaigu denoi gertatzen? Zergatik du neska gustuko duen neskak beldur handiagoa? Mutila gustuko duen mutilak? Nire hipotesia: homosexualitate-presuntzioari diogula beldurra. Gehiegizko ausardiaz jokatzea omen da; debeku-kartela ez ote dagoen ezkutaturik ondo begiratu behar dugu. Presuntzioak ez dira beti errugabetasunezko. Eta beldurra diogu, errefusatua izateari, bai, baina batzuek, gutxiengo batek, baita zigortuak izateari ere. Oraindik ere.

Begiradak, esku luzexeago batek, hizketaldi goxo batek, nahikoa beharko lukete beste ezertaz ez kezkatzeko. Ni, jada, ez nau beste ezerk kezkatzen. Zu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.