Ana Jaka
BIDAIA TXIKIA

Aitona-amonekin

2014ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Pasa den asteartean berripaper honek Euskal Autonomia Erkidegoan egindako inkesta baten ondorio larrien berri eman zuen: 13.000 adinekok tratu txarrak jasaten dituztela izenburuan azalduz eta ia orrialde osoa artikuluari eskainiz. Iñaki Petxarromanek ere nik idazten dudan orri berean horren gaineko hausnarketa egin zuen. Ez da gutxiagorako. Egunkari baten ia orrialde oso bat behar da jasaten dituzten tratu txar guztiak zerrendatzeko: erraz identifikatzekoak hasteko: irainak, axolagabekeria, kolpeak edo lotuta edukitzea; eta hain erraz hautematekoak ez direnak jarraitzeko: sendagaiak eta elikagai egokiak ez ematea, lasaigarri gehiegi ematea, edo haien nahasmendua eragitea, haiekin nahi dena egiteko.

Eta hori dena etxe barruan eta zahar-etxe eta bestelako instituzioetan. Kalean ere, gehituko nuke nik, eta gizartean, orokorrean, Petxarromanek esan bezala, «ahulenak ahazten eta baztertzen dituen gizartea» delako gurea.

BBBn nengoela egin nuen nire lehenengo eleberri-saioa. Literatur irakasle enroilatu batek generoak praktikaren bidez irakasten zizkigun. Eleberrirako gaiak egunkarietan bilatzea proposatu zigun. Eta niri, gertaera guztien artean, zahar-etxe batzuetan estalgabetutako tratu txar larrien kasuak eman zidan atentzioa, inspirazioa hartzeko bezainbeste. Duela hogei urte baino gehiago. Gertaera zen, nolabaiteko salbuespena. Horrekin ez dut esan nahi iragana hobea zenik. Denborak irakatsi dit gertaerak ataleko berriak uste baino askoz ere hedatutako errealitateen salaketaren lehenengo pausoak izaten direla maiz. Orduan ere izango ziren arestian aipatutako tratu txar orokortuak, muturreko egoerak ez dira sustrairik gabe hazten. Zerbaitean hobetu badugu, horien ikerketan eta kontzientziazioan hobetu dugu, gertaeren ataletik gizarte gaien atalera emandako pauso handian.

Kontua da horrek zerbaitetarako balio duen. Baiezkoan nago, baina batzuetan fedeak kale egiten dit. Beldur naiz datu ezkorren tematasunak ez ote gaituen hotz uzten. Gizarteko arazoek ez ote duten duela hogei urte sentitu nuen zirrara sortzeko gaitasunik galdu. Gizarteko dena gertatzen ikusten ote dugun. Ez da urrutira joan behar, Euskal Autonomia Erkidegoan, 13.000 kasu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.