KALAPORTUTIK

Abuztuaren 15eko bazkalondoa

Gari Berasaluze -

2015eko abuztuak 15
Gaur 50 urte. 1965eko abuztuaren 15eko bazkalondoa hitzetan bilduta utzi zuen Joxe Austin Arrietak, 1979an argitaratutako eleberri ederrean. Orduz geroztik berdin dio egun seinalatu honetan bakarrik, lagunartean edo familian bazkaltzen dudan, orrialde haietako giroarekin akordatzen naiz beti gaurko egunez. Izan Donostiako Parte Zaharrean, Kalaportun, Tafallan, Azkoitian, Zarautzen ala beste edonon, abuztuaren 15eko bazkalondoak antzeko usaina eta kutsua duela sumatzen dut. Denbora pasatzen da, eta ez da ezer pasatzen.

«Inoiz ezin jakin batek gure sukaldean freskotasun apur bat egon dadin zer den hobe: patioko leihoa zabalik ala itxita eduki. Zabaltzen baldin baduzu, gurean pilatu den ke usaintsu itogarri guztia kanpora doa, bai, baina baita auzoko beste hamahiru sukaldeetakoa gurera sartzen ere».

Zer egingo diogu, bada. Gure patio hau zoko hertsi mehar bat baita. Gerrako istorioak, errepresio politiko eta kulturala, amaren bizitza gogorra, giro erlijioso itogarria, santuak, zezenak. Guztiak mahaiaren bueltan eta senideen oroitzapenetan. Antzeko nobela idatz daiteke gaur ere, edozein herriko jaietan gaurko bazkalondoan fokua piztuta. «Maite mahai gainetik postre platerak erretiratzen ari da eta harraskara eramaten. Arantxak harraska gaineko berogailua piztu du. Amak sugaina detergente-hautsez estaltzen dihardu». Aitak eta semeak gerrako eta seminarioko kontuak aletuz segitzen dute, puruaren keak luzatutako solasaldian.

Literatura da. Baina sasoi bateko erradiografia zehatza izateaz gain, 50 urtean gauza batzuk askorik ez direla aldatu ikusteko ere balio du. Sukaldeak eta zaintzak emakume izena du oraindik. Aldaketak nondik etorri behar duen eta nolakoa izango den erabakitzen pasatu zaizkigu urteak, ohartzerako dena aldatu da, baina ez nahi genuen bezala. Aldaketa iritsi zenean, gu bileran geunden. Garaipen batzuk lortu ditugu, baina irabazteko haserrea ilusio bihurtzen asmatu behar da.

«Izan ere, ez baita batere erraza erabakia hartzen, leiho hau zabalik ala itxita egotea komeni ote den. Kaleko balkoiak ere zabalik ditugu, bai, baina hain daude sukaldetik urruti, non etxe barneko ate guztiak zabalik eduki arren ez baita honaino haize izpirik ere ailegatzen. Eta ia hobe ez iristea, kalean ere hego haize sargoritsu itogarria baino ez baitabil, abuztuaren 15eko arratsalde hasberri honetan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna