Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Kakazotz

2017ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Hitzek mundua azaltzeko balio badute, kakazotza balio dute hiztegiek. 1989an ludiak jiraka segitzen zuen, eta bira bakoitzak behartuta edo, gauza asko gertatu zen munduan. Halarik ere, Berlingo Harresia erori zen urtea izango da beti guretzat hura.

Egunez egun azaro ilunak zekarzkigun irudiek aldaketa gaitzen lekuko izango ginela esaten ziguten. Han zeuden milaka berlindar, hik bultza gogor hortikan ta bultza nik hemendikanka, itxuraz urteetako amorrua borra bihurturik, hormatzarra nola erortzen zen laguntzen. Eta erori zen, erori zenez; zer aldetara, ez zen azkarregia izan behar asmatzeko. Eta jende hura zoriontsua zela azaltzeko harresia eta askatasuna izan ziren gehien entzunarazi zizkiguten hitzak. Elkarrekin beti, antagoniko. Erori da azken harresia. Mundua askeagoa da orain. Eta porlan zati margotuak nerabeen aldizkariekin ere ematen zituzten opari,ez genezan astakeria hura inoiz ahantzi.

Luzegabe azaldu zuen belarria gezurrak, ordea. Nola azken harresia? Hor zeuden Ziprekoa, Ipar Irlandakoa, Saharakoa... Denborarekin, historiaren lekuko izan behar genuen haiek beste batzuk ikusi ditugu altxatzen Austrian, Hungarian, Bulgarian, Mazedonian, Saharan, Palestinan, Ceutan eta Melillan, Mexikon, Calaisen... Zer datorren, ari zaizkigu esaten: Europar Batasunak 130 milioi euro jarriko ditu Libiak harresi bikaina jaso dezan, milaka afrikarri Mediterraneorako bidea zarratzeko hala; datozen urteetan Estoniak eta Lituaniak sarez, txarrantxez, harresiz eta dorrez hertsiko dute Errusiarekin duten muga. Errefuxiatuak direla edo ekialdeko etsaia, Europa blindatzen ari da, Trumpen eta Jainkoaren Amerika bezalaxe. Eta bitxia da. Berlinen harresia eraistea askatasunarekin lotzen zuten haiek berak dira orain libertatea babesteko hesiak beharrezko direla diotenak.

Halakoxe hiztegiekin bultzatzen gaituzte mundura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.