LARREPETIT

Erantzunik gabe

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2017ko uztailak 19
Duela gutxira arte ez nuen oso ongi ulertzen bortizkeria matxistaren kontra askotan mugimendu feministak erabiltzen duen Erasorik ez erantzunik gabe leloa. Niretzako sobera zegoen bigarren zatia: erantzunarekin edo erantzunik gabe; erasorik ez, eta kito!

Erantzutearen beraren garrantziak ere zalantzak sortzen zizkidan: behartuta ote gaude beti erantzutera? Ez ote da zilegi horretarako gogorik, kemenik, modurik ez izatea?...

Asteotan azaleratu den eraso sorta batek eragin dit hobeto ulertzea kontua. Sortuko eta herri mugimenduko militante batek, ardurak ematen zion botereaz baliatuta, zenbait emakume engainatu ditu azken urteotan. Proiektu baterako zelakoan, biluzik argazkiak atera edo horretarako proposamena egin die. Ustezko proiektu hori ez da sekula existitu, ordea: argazkiak berarentzat baino ez ziren. Harago ere joan izan da batzuekin, ukipen edota konpainia truke dirua eskainita.

Ez da arratsalde bateko hanka-sartzea izan: urteetan egin du gauza bera, eta, jada jakina denez, neska dezenterekin. Inpunitate osoz egin ahal izan ditu nahi zituenak, lotsaren edota erru sentimenduaren eraginez emakumeak ez zirelako egundaino ausartuak inolako salaketarik jartzera. Batak bestearen berri izanda, azkenean, egin dute, eta ezker abertzaletik zein ingurunetik —Piraten mugimendutik, esaterako— kanporatu dute erasotzailea.

Erantzunari esker saihestu dute gizon horrek gehiago horrelakorik egitea: erantzunik egon izan ez balitz, lasai asko segituko luke seguruenik Donostiako Parte Zaharreko kaleetan paseatzen eta neska gazteei proposamen lizunak egiten argazkiak biluzik ateratzeko. Erasoa jasaten dutenentzat askotan gogorra izan arren, saia gaitezen beraz halakoak azalera ateratzen; ez dezagun utzi erasorik erantzunik gabe. Erasoak, egon, tamalez egongo direlako berriro. Erantzunaren erantzunez desagerrarazten ditugun arte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna