Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Istorio bat ispiluan barrena

2017ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Autoan goaz, tarteka ispilutik begira. Atzean, hamaika gertaera, bidea urratu arau gero eta urrunago, mirailan gero eta barrenago doazenak. Eta hala, inoiz hau osoro hartu izan zutenak, puntutxo bat dira orain. Laster desegin egingo dira, hutsarekin berdinduko.

Istorio horietako bat da Txipi Salegiren heriotzarena. Urteak hogei datorren hilean, eta inork gutxik egin du ezer, gertukoez kanpo, hura argitzeko. Inurria eta gorilarena atzera ere. Laster, oroimen tarratak baino ez dira geratuko. Lasterrondoan, hori ere ez.

Irapuaton bizi zen Salegi, Mexikon, eta hantxe atera zen udako arratsalde batez, ohiko zuen legez, osteratxoa egitera Españita parajera. Iluntze hartan bertan, eta agertzen ez zela ikusita, alarma familian: Txipi ez da etxeratu. Egunak argitu orduko abiatu ziren lagunak muinoan gora desagertuaren bila. Bidean aurkitutako orori galdetu zitzaion. Inork ez zuen gizona ikusi. Biharamunean jakin zuten gorpu bat zegoela hilerrian. Hara helduta, Salegi lur gogorraren gainean. Eta abisua langileek: berehala zihoazen lur ematera, beren burua senitarteko gisa aurkezturiko batzuek halaxe aginduta. «Espainolak» ziren hizkeraz, emakume bat buru.

Bila ibilitako tokian agertu zen Salegi; giza eskubideen aldeko Miguel Agustin Pro Juarez elkartekoek esatera, oinetako bat falta zuela. Bihotzak huts eginda hil zela adierazi zuten mexikar agintariek. Familiak eskatutako bigarren autopsiarako, gorpuzkietako batzuk falta ziren. Hilerrian agertu ziren «espainolez», berriz, Irapuatoko euskal komunitateak denbora zeraman ohartuta jazartzen zitzaiezkiela. Jose Luis Gutierrez mexikar zinemagileak film bat egin zuen gerora bere herrian euskal iheslarien ehizan ibilitako emakume hartan oinarrituta, «Todos los días son tuyos».

Memoria ofizialak ikertuko ez duen beste istorio bat da Salegirena, gero eta urrunago, ispiluan barrena doakiguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.