Ana Jaka
BIDAIA TXIKIA

Liburu bat oparitu

2014ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Aurrekoan aipatzen nizkizuen liburuak sinatzeak edo dedikatzeak ekar ditzakeen pozak eta buruhausteak, pixka bat estalgabetzeko aukeraz baliatzen garenean, edo, bukaeran iradokitzen nuen bezala, aukera sortzen dugunean. Ordutik ari naiz buruan bueltak ematen, eta dedikatoria bakarrik ez, orain zein liburu oparitu da konpondu beharreko arazoa... Ai! Irakurle errugabeak, ahaztuta izango duzue jada, zutabe hartan sinatu nuen lotsa falta...

Har dezagun haria utzitako puntuan. Puntu eta jarrai. Lehenengo urratsa: liburua aukeratu.

Liburu bat oparitzeak, edo gomendatzeak, ofizioa eskatzen du. Oso afera pertsonala da. Liburuen promozioan nabilenez geroztik, bi kontuk ikaragarri harritzen naute. Lehenengoa: liburu bakar bat (edo trilogia) izatea, egun batetik bestera, denok edo irakurleriaren zati handi batek irakurria, erosia, oparitua. Bigarrengoa: liburu bat izatea oparia egiteko azken hautua, denboraz larri gabiltzanean edo besterik bururatu ezean. Ez horrela begiratu, Gabon bezpera da liburu denden egunik potenteena.

Ezin uler dezaket gaia hain arinki hartzea. Asko ezagutu behar da pertsona bat zein liburu izango duen gustuko jakiteko. Liburu bakoitza, pertsonen antzera, mundu bat da, kontatzeko moduak, interesak, usteak, mezuak (edo mezu faltak), mila. Pertsonak eta liburuak bikotekatzea ez da erraza, top-modela ez zaigu denoi gustatzen. Askotan gertatu zait: norbaitek liburu bat gomendatzea edo uztea. Adiskide bat aurkeztu izan balizute bezala da. Eta bat-bateko maitemintzeak daude. Noizbait liburutegi edo liburu denda batean sartu, eta bertan begiz jo duzu, eta etxera eramateko irrikan zaude, zuk zeuk aurkitua edo liburuzain edo dendariak egoki proposatua. Harreman hauetan ere badira zelestinak...

Ofizio honen langiletzat dut neure burua, baina, esan ohi den bezala, errementariaren etxean... Kasu honetan, gainera, bikoitza da erantzukizunaren pisua. Gustatu bakarrik ez, bitartekari lana egin behar du liburuak. Bai, liburuek ere pertsonak aurkezten dituzte. Esadazu zer irakurtzen duzun, eta esango dizut nor zaren. Neure burua aurkeztu eta pixka bat estalgabetu nahiko nuke... Gehiago irakurtzeko gogoa piztu. Gustatuko? To be continued...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.