maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Azterketak

2017ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Azkenaldian, eskuin eta ezker entzuten dudan galdera da: «Non daude gazteak» ala «zergatik ez dira hona etorri?». Ez du inporta espetxe martxa zein topaketa feminista, mendi ibilaldi zein parranda, kezka guzietan bera da: gazterik ez dela ikusten, edo ez garai batean bezala.

Ez naiz hemen hasiko tesi soziologikorik egiten, baina errua inori bota aitzin, aipatuko nituzke pare bat hipotesi, kontuan hartzekoak izan daitezkeenak —kanpo utzita bizi-ohituren aldaketa, hori gehiengoak dakienez—. Hasteko, Europan gazte gutxien duen lurraldea omen da gurea. Garikoitz Goikoetxea kazetariak hala ondorioztatu zuen duela bi uda kazeta honetan egindako erreportaje batean: «Gazteen eskasia nabarmena da Euskal Herrian: biztanleen %14,2 dira 14-29 urte bitartekoak». Gibelean, bertzeak bertze, prekaritatetik ihesi etorkizun bila kanpora joandako milaka gazteak, noski.

Bigarren hipotesiari heltzeko joan zaitez asteotako edozein egunetan zure herri edo hiriko liburutegira, eta har ezazu sorpresa: hara non dauden gure gazteak! Liburuz eta apuntez betetako mahai lerrokatuetan, isilik, data seinalaturen batean eta pare bat orduz eginen dieten probaren zain, estresak jota. Eta hori, eraikin publikoetan ikasteko lekurik topatzen baldin badute: bertzela galdetu Gernikako edo Indautxuko gazteei. Nik neuk gogoan dut Ondarroako zubi harresia galdu nuela liburutegian sartuta egoteagatik. Eta bertze batzuetan askorik ikasi gabe joan izan gara, denbora bertze gauza batzuetan aprobetxatu nahiagatik.

Zeren hor baitago, noski, udaberriko ekitaldien hiper-saturazio hori: edozein asteburutan daude milaka ekimen tokiko, eskualdeko, nazional... eta gainera gai askotarikoak. Ez da erraza soluzioa asmatzen, baina agian badu loturarik hezkuntza sistemarekin: euskal eskola nazionala sortzen duzuenean, arren, ez dezazuela utz ebaluazioa azken mementorako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.