maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Turistak

2017ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Paseo labur bat eman dut Donostiako Parte Zaharrean barna. Ordu erdian zenbatu ditut bost pentsio, hamar bat souvenir denda —haien ikurrina, lauburu, Kontxako irudi eta abarrekin—, hamarnaka pintxo ostatu —zeinetako prezioak jakin ere ez ditudan egin nahi— eta dozenaka ingeles, frantses eta identifikatzen ez dakidan beste zenbait hizkuntzatako turista.

Gero sartu naiz Interneten, kuriositatez begiratzeko auzo bereko etxeen alokairuen prezioa. Batek 1.790 euro, besteak 1.300, eta baten batek 2.500 hilean ere bai: niretzat ezin ordainduzko kopuruak. Eta, ea ba... 1.000 eurotik beherako guztiak (gutxienak 840 euro), txikiak izateaz gain, soilik irailetik ekainera erabilgarri (eta iragarkiak espresuki ikasleei zuzenduta).

Ondoren, burura etorri zait han bizi den lagun batek kontatutakoa: txirrina jo izan diotela maiz, haren etxea sekulako milioikaden truke erosteko prest zeudela esanez, eta ea jarriko duen salgai. Eta hark ezetz, bere etxea ez dagoela horretarako. Antzeko iragarkiak ikusi izan ditut egunerokoan hartzen dudan autobusaren kristalean itsatsita: «Utziguzu zeure etxea, eta zuk inolako tramiterik egin behar izan gabe jarriko dizugu alokagai».

Notizia bat ere irakurri nuen, Gipuzkoako hiriburuan beste hamalau hotel eraikiko dituztela dioena. Horietako bost eraikitze bidean edo eginak, eta besteen lizentziak emanak. Gogoan ditut Aste Santuan komunikabideetan aditutako esaldi loriatsuak ere: bete egin direla gela guztiak, eta horrek «aberastasuna» ekarriko duela Euskal Herrira.

Batzuk agian harrituko dira Tourists Go Home pintaketak irakurtzeagatik hiriko paretetan, edota etxeak eta hotelak okupatzeagatik sinbolikoki zein bizitzeko. Baina jar zaitezte Donostialdeko (edo beste herri arras turistiko bateko) gazte baten azalean: lan prekario baten pean, etxetik alde egin ezinik, nik hori eta gehiago ere eginen nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.