Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Jainkoa Portugalen

2017ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Antzina, belarrek, txoriek eta patariek hitz egiten ahaztu baino lehenago, Jainko Ahalguztidunari egozten zitzaion ezbeharren errua. «Gure Jainkoak halaxe nahi izan du», esaten zen ahapez. Zerbait gaizki egin izanaren ordaina zen gizakioi oinazea eta negarra besterik ez zekarkigun zigor zerutiar hura. Denborarekin, eta maiz erraza ez zenez Jainko onbera jotzea gaizto handitzat, lexikoa aldatu genuen. Halabeharra!, ikasi genuen esaten. Eta graziosoago hura, «patua izan da!».

Nola-halako gizarte zibilak ez digu soluziorik ekarri, ordea. Badirudi ikusgarritasunak hartu duela Jainkoaren tokia, edo patuarena. Orain, handiren bat gertatzen delarik, arrazoirik ez bilatzeko iradokitzen digute, gozatzeko argazkiaren ederrean, zabaltzeko sarean albait arinen uoooau! hori.

Halaxe egin dugu Predogao Grandeko sutearekin. Uoooau!, demasekoa automobil abandonatuen nahas-mahasa baso kixkaliaren erdian. Gorpuak izarez estaliak galipot urtuaren gainean. A zer heriotza. Baina zer nahi duzue Portugalen, gizarte atzeratu horretan. Eta hala, zenbat eta ikusgarriagoak irudiak eta ideologizatuagoak klixeak, orduan eta gordeagoak kausak. Bata, eta ez txikiena, penintsulara padurak lehortzeko ekarritako eukaliptoaren urteetako monokultiboa, aurreko gobernuek bultzatutako liberalizazioaren ondorio. Zinez adar itsusiak dituen arrazoia, politikoa den bezainbestean: Alderdi Sozialistak ez zuen agindua zuen basoen erreforma bete gobernuan egon zen artean; eta bai, Afrika da Portugal, bertan paper-ore eginean dabiltzan enpresa nagusiek Eskandinavia musker zibilizatuan dituzte bulegoak...

Izan ere, hori du txarra Jainkoa eta halabeharra hiztegitik baztertzeak, pertsonak eta hauen kudeaketak jarri behar direla ezbeharren begian. Eta Portugalen, bakoitzak bere mailan, izen-abizenak dituzte 64 hildako eta 254 zauritu eragin dituen sutearen arduradunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.