Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Han goitik

2017ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Isiltasun alimalekoa goi mendietatik, jakizu zenbatgarrena. Astebete da Alberto Zerainek eta Mariano Galvanek zeramaten telefonoak ez duela seinalerik ematen. Motxiletako jatekoa amaitu zaie, itxuraz. Erantsi horri hamaika gau amaigabe, ez epeletan, prezeski; azken egunetako denbora makurrak eta hain zuzen horregatik beren bila abia ezin daitekeen helikopteroaren ezinak osatzen dute larria. Prest omen dira erreskaterako Gasherbrunen diren Iñurrategi, Zabaltza eta Vallejo eta prest Jaurlaritza, edozertarako. Eta denbora aurrera. Osagai hauek guztiekin, eta telebista, irrati, kazetak gainean, ezin bestelakoa izan hiztegia: heroikoa; drama; Nanga Parbat, mendi asasinoa.

Bizitzaren eta heriotzaren arteko ahoan labainka, gertaera bati deika bestea. Larriak larriari, heriok heriori, Karakorumak Mediterranioari. Loturak berez datoz, edozein eginahal da urri pertsonen bizitza dagoenean arriskuan, logikoa dirudi zeruak eta lurrak astintzea. Eta nahi ezta ere, arin dabil burua. Nanga Parbat beharrean gure arrantzaleen Seychelleseko urak balira, ez litzateke bestelakoa interesa, ahalegina, hizkera. Baina Indikotik honantzago etorrita, eta Zerain eta Galvan beharrean, hil hurran direnen izenak erabat ezabatuta, zer dugu? ACNURek maiatz hondarretan emandako datua dugu, konparazio batera: 2017an, 1.700 dira hildakoak eta 60.000 erreskatatuak Mediterraneoan. Bestela esanda, ataundar edo baigorriar oro urpean; Barañaingo eta Basauriko biztanle guztiak erreskate ontzietara igota.

Bai, eskandalu ikaragarria da Lander Ugartemendiarena. Esan duenagatik baino esan duenak erakusten duen mundu ikuskeragatik, seguru asko. Hangoak eta hemengoak, hain baldar. Baina benetan dugun arazoa askoz handiagoa delakoan nago. Gauza bat dugu alde behintzat miseria honetan guztian. Julen Gabiriak ekarri zigun zoragarri: Han goitik itsasoa ikusten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.