Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Realpolitik

2017ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Definitu politika, diogu. Eta hasi gara, hasi garenez, malizia izpirik gabe definizio txatalak ontzen. Eta diogu: eguneroko arazoen kudeaketa, hori batez ere; baina utopia iristeko bidea ahazteke. Ametsa ere bada eta! Eta tartean, edo bidean, erabileraren erabileraz errazegi maizten den hizkera, bere hitz handi, modako eslogan, kontzeptu eta abarrekin. Gehitu fartsa pixka bat. Eta sufrimendu dezente.

Greziako gobernua asteon heldu da, ostera ere, Troikarekin akordiora. Mailegu toxikoaren truke egin beharko duena ez da berria: pentsioak jaitsi (14 garrenez), zergak igo, ondare publikoaren pribatizazioekin segi (alemaniar enpresen eskuetan geratuko dira ikatz meen, gas naturalaren operadora publikoaren, Salonikako portuaren eta 14 aireporturen kudeaketa), murrizketak agindu (momentuz 2020ra arte)... ezer berririk ez.

Ezer berririk ez, salbu eta Grezia Alemaniaren eta liberalismo basatiaren laborategi bihurtu denetik Tsiprasen gobernua dela orain inork agindutakoa betetzera behartuta dagoena. Egingo ez zuela esan zuen hura guztia egiten ari da. Eta hala, manifestazioek, greba orokorrerako deiek, egoerari eutsi ezinda beren buruaz beste egiten duten jubilatuek kalean segitzen dute. Inkestetan, panorama ikusita zer nahi da ba, Syriza gero eta hondoratuago ageri da, eta itxura guztien arabera egoera katastrofikoa honen oinarriak ezarri zituen Demokrazia Berria alderdi liberal-kontserbadorea izango da irabazlea hurrengo hauteskundeetan. Bitartean, lasai egoteko mezuak heltzen zaizkigu gainerako europarroi, Greziaren egonkortasuna eta horrekin batera gure ongizatea bermatuta daudela epe laburrean.

Bai, kaka handi bat da dena politikan. Hitzek ez dute balio adierazi nahi duten hori adierazteko, eta memoria eta elkartasuna (akordatzen «oxi!» esaten ikasi genuen uda hartaz?) esku artean lehertzen zaizkigun artefaktuak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.