Ferriol Macip. Kazetaria

«Okzitanieraren hiztunak askoz gutxiago zirela uste genuen»

Okzitanierazko 'Jornalet' albistegien gunea sortu zuen Macipek 2012. urtean. Hark kudeatzen du, eta telebista saio bat egiten du Okzitania «handiegia» batzen laguntzeko.
BERRIA

Edu Lartzanguren -

2014ko irailak 7
Ferriol Macipek (Bartzelona, 1969) Okzitania osorako Jornalet okzitanierazko Interneteko albistegia egiten du Kataluniatik (www.jornalet.com). Euskalduna ere bada, eta azken bi urteotako kazetaritza abentura zertan den azaldu du.

Katalana zara, eta ez Aran eskualdekoa. Nolatan hasi zinen okzitanieraz kazetaritza egiten?

Okzitaniara joan nintzen 1992. urtean, eta han ikasi nuen okzitaniera. Azkar ikasi nuen, katalanaren antza handia duelako. Lan egin nuen han okzitanierazko udalekuetan, eta zortzi bat urte pasatu nituen gauza batean eta bestean, baina beti okzitanieraren aldeko mugimenduan. Ikasi nuen dialektoak Arangoarekin antza handia duenez, araneraren ahoskera hobetzeko baliatu nuen, eta aranerazko telesaio bat abiatu nuen Bartzelona Televisio katean. Izan ere, okzitanieradun asko daude Bartzelonan, Aranen baino gehiago.

Aranen baino ez da ofiziala okzitaniera. Zer-nolako harremana izan duzu eskualdearekin?

Telesaioak ateak ireki zizkidan, ibarreko jendea, erakundeak eta txoko guztiak zehatz-mehatz ezagutzeko. Okzitaniako gainontzekoa ere ezagutzen nuenez, erabaki nuen Okzitania osorako komunikabide bat sortzea, hura handiegia delako eta batuta ez dagoelako. 2007an egin nuen egitasmoa, baina 2012ra arte ezin izan nuen abiatu.

Talde txikia zarete. Nola antolatzen duzue lana?

Neu naiz erredaktorea, eta etxetik egiten dut lan. Boluntario lana da, aisialdian egiten duguna: jasotzen dugun diru guztia gastuak ordaintzeko da, zerbitzariak, informatikariak, bidaiak. Hizkuntza zuzentzeaz Domergue Sumien arduratzen da, Ais de Provençatik. Okzitaniako hizkuntzalaririk hoberena da, nire ustez, eta okzitanieraren estilo liburua sortzen ari da.

Hizkuntz komunitatearen laguntza duzue?

Irakurleek asko laguntzen dute, oso egunkari irekia da. Jendeak proposamenak bidaltzen ditu etengabe. Iritzi emaileen talde bat dugu, eztabaida biziak sortzen dituztenak, eta marrazkilari pare bat. Oso parte hartzailea da. Horrez gain, hitzarmena dugu Barcelona Televisiorekin, asteroko saioa Jornalet-en argitaratzeko.

Zelako laguntza duzue ematean dizuete erakundeek?

Arango Gobernua da geure sostengatzaile nagusia. Jartzen duen publizitatearekin ordaindu ditugu gastuak. Kataluniako Generalitateak diru laguntza onartu digu, baina, krisia dela-eta ez dute oraindik ordaindu. Tolosako Convergencia Occitana taldearekin hitzarmena egin dugu: publizitatea kontratatzen digute eta helbide fisiko bat eskaintzen digute hiriko Ostal d'Occitania kulturgunean. Irakurle talde batek kontu bat ireki zigun Frantziako banku batean, dirua biltzeko.

Egitasmorik ba al duzue Jornalet garatzeko?

Gure lehen asmoa dirua irabazten hastea litzateke. Duela bi urte, pentsatzen nuen 2014rako soldatapean ibiltzerik izango genukeela, baina zera. Dirua irabazten hasten garen unean Jornalet sakelakoetan irakurtzeko aplikazio bat sortzen inbertituko dugu. Paperean ateratzea zailagoa izango da, besteak beste, Okzitania oso handia delako eta hor banatzea zaila delako.

Zelako eragina izan duzue hiztunen artean?

Espero baino askoz handiagoa. 1.000 irakurle inguru ditugu egunero, eta bisitarien %85 berriak dira azken hilabete honetan. Eztabaida foroa bihurtu da, eta sekulako debateak daude. Jornalet sortu genuenean, pentsatu genuen okzitanieradunak askoz gutxiago zirela. Baina ikusten duzunean horrenbeste jendek irakurtzen zaituela eta irakurle horiek iritzia botatzen dutela eta elkarri erantzuten diotela, konturatzen zara gauzak ez daudela uste bezain gaizki.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna