Manel Fontdevila. Marrazkilaria

«Gu joan gara; baina, nolabait, editoreak utzi gaitu kanpoan»

RBA enpresak monarkari buruz Fontdevilak egindako 'El Jueves'-en azala zentsuratu zuen. Marrazkilariak eta beste hamalau egilek aldizkaria uztea erabaki zuten joan den astean.

urtzi urkizu
2014ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Hogei urte egin ditu El Jueves-en Manel Fontdevilak (Manresa, Katalunia, 1965). Beste egile batzuekin batera proiektu berri bat sortzeko gogo biziz dago orain.

Egun batzuk joan dira aldizkaria uztea erabaki zenuenetik. Nola sentitzen zara orain?

Dolua pasatu dugu jada. Orain aurrera begiratu beharra dago. Hainbat marrazkilariren artean pentsatzen ari gara zer egin, eta egiten dakiguna nola bideratu. Aldizkaria utzi izanak estresa sortzen du. Baina aldi berean pizgarria da, neurri batean berriro hastea bezala baita. Etorkizunean, egiten duguna guk geuk asmatu beharko dugu.

Zure ustez, RBA enpresak azala zentsuratzeko erabakia bere kabuz hartu zuen ala kanpoko presioa izan zuen?

Ez dugu lortu hori jakitea. Nolabaiteko presioa izango zen; agian,publizitatea jartzen dutenena. Baten batek esango zion azala ez zela ona enpresaren irudiarentzat. Ez dut uste Zarzuelatik deirik jasoko zuenik. Auskalo. Kontua da RBAk ez duela ezer esan.

Baina enpresak marrazkilariei agindu die azalean monarkia ez agertzeko, nahiz barneko orrietan agertzeko aukera izan.

Gauzek hemen nola funtzionatzen duten erakusten du. Itxura da kontua, ez dadila kioskoan ikusi. Eta barnean begiratu nahi duenak egin dezala nahi duena. Enpresa erregearekin dago, irmoki. Alderdi politiko batzuen jarrera ere horrelakoa da.

2007an, Espainiako justiziak Asturiasko printze-printzesak ageri ziren azal bat bahitu zuen. Orduan, zein izan zen RBAren erantzuna?

Primerakoa. Denbora gutxi zen akziodun nagusia zela. Esan behar da kontuarekin ale asko eta asko saldu dituela.

Zergatik aldatu du jarrera?

Hori da galdera gakoa. Baina ez dut arrastorik ere. Ez dakit enpresaren editorea urteotan zer arazotan sartu den edo buruan zer gertatu zaion. Editoreak gai batzuk ukitzea debekatu digulako erabaki dugu hamabost egilek joatea. Gu joan gara; baina, nolabait, editoreak utzi gaitu kanpoan.

El Jueves-eko aferaz gain, Espainiako monarkia beti izan da zentsurak babestua. Zeren sintoma da?

Erabateko heldugabetasunaren seinale da. Trantsizioko kontsignek duten boterearen erakusle ere bada. Ez dakit zer irabazten duen jendeak monarkiarekin. Politikaren aro oso primario batetik ez garela atera erakusten du. Ematen du eskutik eramaten gaituztela, eta oso tristea da hori. Dena den, arrakala gero eta handiagoa dago agintzen dutenen eta herritarren artean.

Espainiako komunikabide handiek monarkia jo eta su defendatzen dute. Ba al dago tokia bestelako iritzientzat?

Arazoa hori da, ez dagoela lekua ahots disonanteentzat. Irrigarri gelditzen da ikustea nola komunikabide gehienak erabat monarkikoak diren. PSOEren jarrera ere lotsagarria da.

Espainiako errege berriarekin, zentsura luzerako izango da?

Denborarekin gauzak aldatuko dira. Egun batean gure seme-alabek erregeez hitz egingo dute garai batean egondako gauza ulertezin gisa. Monarkiamodernorik ez dago, kontzeptu zaharra da. Familia bat dago duela bi mende bezala bizitzen, eta gure poltsikotik ordaintzen ari gara.

El Jueves-eko egile batzuek aldizkarian jarraitzea erabaki dute. Etorkizunik izango al dute?

Jarrera guztiz errespetagarria da. Hala ere, pentsatzen dut denok aho batez erabaki izan bagenu aldizkaria uztea, egoera bestelakoa litzatekeela. Zenbait egile aldizkari barnetik borrokatzen saiatuko dira, baina zintzoagoa iruditzen zait joatea.

Uste duzu umore grafikoak eragina izan dezakeela gizartean?

Ez. Umore grafikoak lagundu egiten du gizartea. Atximur txikiak egiten ditu. Gizartearen aldaketak gizarteak berak egin behar ditu, eta umore grafikoak lagundu egin ditzake aldaketak. Umore grafikoa gauza batzuk auzitan jartzeko ere baliagarria izan daiteke. Gizarteak, berriz, alda dezake umore grafikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.