Katalunia

Belgikako Fiskaltzak epailea noiz izendatu zain dago Puigdemont

Guardia Zibilaren furgoi bat Estremerako presondegiko atarian, kontseilariak espetxeratu zituzten gauean. D. PEREZ / EFE.
Irune Lasa.
2017ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Belgikako Fiskaltza Federalak gaur edo beranduenez bihar jakinaraziko du zein epailek erabakiko duen Carles Puigdemonten kontra Espainiako Auzitegi Nazionalak emandako atxilotze aginduari buruz. Fiskaltzak jada esku artean ditu Kataluniako presidentearen eta Generalitateko beste lau kontseilarien —Toni Comin, Meritxell Serret, Lluis Puig eta Clara Ponsati— aurkako nazioarteko atxilotze aginduak, eta «haiek aztertzen ari da», Eric Van der Sjipt fiskaltzaren bozeramailearen arabera.

Behin fiskaltzak instrukzio epailea izendatzen duenean, «eta interesdunak topatu eta deklaratzera eramaten dituztenean», epaileak 24 orduko epea izango du atxilotze aginduei buruz lehen erabaki bat hartzeko; hots, orduan zehaztuko du Puigdemont eta kontseilariak atxilotuko dituen edo libre utzi —baldintza jakin batzuekin—, auziaren behin betiko ebazpena iritsi arte.

Izan ere, ez dago zalantzarik epailea izendatzen denean Kataluniako presidentea deklaratzera joango dela. Atzo bertan, Puigdemont prest agertu zen Belgikako Justiziarekin elkarlanean aritzeko, nederlanderaz egindako txio batean. Beraz, espero daiteke Puigdemont aste honetan pasatuko dela epailearen aurretik.

Era berean, nahiko argi dago Puigdemonten Belgikako abokatuak aginduaren aurka helegitea aurkeztuko duela ahal bezain pronto. Horrek Belgikako Justiziaren azken erabakia gutxienez bizpahiru hilabete luza dezake.

«Tratu laidogarria»

Bestalde, Carmen Lamela epaileak espetxeratutako kontseilariek presondegira bidean atxilo zeramatzatela jasandako «tratu laidogarria» salatu du Jaume Alonso-Cuevillas abokatuak, bezperan Andreu van den Eynde abokatuak egin bezala.

Alonso-Cuevillasen arabera, Carles Mundo kontseilariak zauriak zituen eskumuturretan, eskuburdinak propio estuegi jarri zizkiotelako. Gainera, eskuak bizkarrean lotu zizkieten guztiei, «gaizkile arriskutsuak balira bezala». Presondegiratzean kontseilarietako bi biluzi egin zituztela ere salatu du abokatuak.

Guardia Zibilak ukatu egin du tratu txarrak izan zirela, eta esan du preso sartzen direnek azterketa medikoa pasatzen dutela.Guardia Zibilaren arabera, «inori ez zaio gustatzen eskuburdinekin joatea; jende bat urduri jartzen da eta mugitzean urratuak eragin eskumuturretan». Furgoiak ere ez omen dira erosoak izaten.

Espainiako Poliziak jakinarazi du Oriol Junqueras eta gainontzeko kontseilariak iraintzen grabatu zituzten hiru poliziei ikerketa espedientea zabaldu diela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.