Koronabirusa

Labik erabaki du indarrean dauden neurriak otsailaren 13ra arte luzatzea

EAEko Justizia Auzitegi Nagusia asteartean bilduko da, ziurtagiriaz hitz egiteko. Nafarroan, hilaren 14ra arte indarrean egongo dira neurriak

Irati Urdalleta Lete.
2022ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Ez da ezustekorik izan: Labik erabaki du otsailaren 13ra arte luzatzea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID-19ari aurre egiteko egun indarrean dauden neurriak. Dekretua atzo arratsaldean argitaratu zuten, eta ordutik indarrean dago.

Erabakia datuetan oinarritu dutela azaldu du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Labiren bilera amaitu ostean eginiko agerraldian. Haren esanetan, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia metatua jaisten ari bada ere, azken zazpi egunetakoak erakusten du jaitsiera moteltzen ari dela, eta pixka bat igo ere egin da. Atzo, 3.400 kasukoa zen hamalau eguneko intzidentzia, bezperan baino 150 puntu apalagoa. Gainera, 642 gaixo zeuden Osakidetzako ospitaleetan, eta horietako 99 ZIUetan larri. Datu horiek ikusita, «zuhurtzia» eskatu du sailburuak.

Beraz, beste bi astean neurriei eustea erabaki dute: besteak beste, merkataritza, gizarte eta kultur jarduera guztiek 01:00ean itxi beharko dute beranduenera; ostalaritzan, elkarte gastronomikoetan eta txokoetandebekatuta egongo da zutik kontsumitzea, eta mahai bakoitzean gehienez hamar lagun egon ahal izango dira; oro har, gehienezko edukiera %60koa izango da mota guztietako establezimenduetan eta barneko espazioetan; eta barruko instalazioetan gehienez hamar laguneko taldeetan egin ahal izango da kirola, eta aldagelen edukiera %50ekoa izango da. Gainera, edonolako gizarte, kultura edo kirol ekitaldietan gehienez 600 pertsona bildu daitezke barruan direnean, eta 800 kanpoan direnean; 1.600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan, gehienezko kopurua 800 pertsonakoa da barrualdean, eta 1.200 pertsonakoa kanpoaldean; eta 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparruetan, gehieneko edukiera %50ekoa da.

Labik beste neurri bat ere berretsi du: Eusko Jaurlaritzak COVID ziurtagiria luzatzeko eta eremu gehiagotara zabaltzeko eskatu izana EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari. Zergatik? Sagarduiren hitzetan, balio izan du jende gehiago txertatzeko. Datu bat eman du: ziurtagiria eskatzen hasi aurretik, 20-29 urtekoen %80 inguruk zeukaten txertoa hartuta; orain, aldiz, %85,9k. Eusko Jaurlaritzak atzo eskatu zuen COVID ziurtagiriaren derrigortasuna otsailaren 13ra arte luzatzea, eta orain arteko establezimenduetan ez ezik —esaterako, tabernetan, gimnasioetan, ospitaleetan eta zahar etxeetan—hoteletan, turismo ostatuetan eta joko aretoetan ere eskatzea nahi du. Datorren asteartean aztertuko dute gaia epaileek. Oraingoz, Jaurlaritzak ziurtagiria astelehenera arte eskatzeko baimena du.

Nafarroan, hilaren 14ra arte

Nafarroan ere luzatu egingo dituzte neurriak. Gobernuak eskatu zuena betez baimendu du Nafarroako Auzitegi Nagusiak neurri murriztaileen jarraipena. Hala, otsailaren 14ra arte luzatuko dituzte neurriak: ostalaritza eta gaueko aisialdirako establezimenduak itxita egongo dira 01:00etik eta 06:00etara; ezingo da barraren inguruan kontsumitu; gehienera hamar lagun elkartu ahal izango dira; eta gizarte, kultura edota kirol arloko ekitaldiek zenbait arau bete beharko dituzte, besteak beste. Ziurtagiria ere erakutsi beharko da oraindik establezimenduetara sartzeko.

Datuek beheranzko joera erakusten dute: beste 1.382 kasu atzeman dituzte, bezperan baino 260 gutxiago, eta 241 gaixo daude erietxean, hamabost gutxiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.