Koronabirusa

Jaurlaritzak herritarrei eskatu die bigarren fasean ere «zuhur» jokatzeko

Azken egunean zazpi hildako zenbatu, eta hemezortzi kutsatu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. ZIUetan ez dute inor sartu larunbatetik

Eibarko (Gipuzkoa) herritarrak ilaran, farmazia batera sartzeko zain. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Jon O. Urain - Maider Galardi F. Agirre
2020ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Konfinamendutik irteteko bigarren fasera igaro ziren atzo Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa. Igandean ez zen inor hil koronabirusaren eraginez; hildakorik gabeko aurreneko aldia zen, 85 egunean. Mikel Sanchez Jaurlaritzako Osasun Saileko Planifikazio eta Ebaluazio zuzendariak igandean esan zuen eboluzioa «oso ona» dela. Atzoko datua kontrako bidetik joan da, ordea: zazpi heriotza gehiago zenbatu dituzte azkeneko 24 orduetan. Nafarroan horietako bat; beste seiak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izan daira, baina azkeneko egunetan ez dute herrialdea zehazten. Positibo berrietan, aldiz, beheranzko joerari eusten ari dira: hemezortzi kutsatu antzeman dituzte Hegoaldean. Jaurlaritzak «zuhur» jokatzeko eskatu die herritarrei, izurria berriro zabaltzea «oso gogorra» litzatekeela argudiatuta.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa egin zioten atzo Mikel Sanchezi, eta nabarmendu zuen izurriaren bilakaera «positiboa» dela azken asteetan: «Munduko zuhurtzia osoarekin, egoera normaltzen ari da». Erantsi zuen xedeak izan behar duela egoerak okerrera ez egitea.

Izurria igarota ere ez dela «erabateko normaltasunik» egongo ohartarazi zuen, «normaltasun berri bat» izango dela aurrerantzean, eta neurriak hartzea beharrezkoa izango dela pandemia berriro zabal ez dadin: «Osasun sistemaren ikuspegitik, bereziki adi egon behar dugu, ziurtatzeko hori ez dela gertatuko».

Kasu berrien kopurua «oso apala» denez, «itxaropentsu» azaldu da Sanchez: «Kutsatze berri horiek familia barruan gertatzen ari dira. Hor ari gara ahaleginik handiena egiten». Asmoa da gaixoak garaiz atzematea, ingurukoak ez kutsatzeko.

Hirugarren faseari begira, Sanchezek ukatu egin du zazpi edo zortzi egunekoa izango dela. Orain arteko faseek hamabost eguneko iraupena izan dute, eta zabaldu da balitekeela hemendik aurrerakoak laburtzea pandemiaren bilakaera ona bada.

Adituek esana dute pandemiaren apaltzeak gorabeherak izan ditzakeela oraindik, eta hori nabari da azken eguneko datuetan: beheranzko joera agerikoa izan arren, zazpi lagun hil ditu gaitzak Hego Euskal Herrian. Beraz, 2.020 dira gaitzak Euskal Herrian hildakoak. Espainiako Gobernuari igorritako datuekin gorabeherak badira oraindik; Nafarroak heriotza baten berri eman zuen, eta Osasun Ministerioak ez zuen bakar bat ere aipatu. Iraganeko datuak aztertzen ari dira.

Datuak dantzan Nafarroan

Nafarroako Gobernuak Espainiako Gobernuaren araberako datuak eskaintzen ditu, eta Espainiak zuzendu egin ditu Nafarroari buruz emandakoak. Guztira 509 hildako zeuden zenbatuta herenegun arte, baina, zuzenketaren ostean, 490 jaso dituzte. Alegia, hemeretzi hildako gutxiago dira, iturri ofizialen arabera. Baina ia bi aste daramatzate Hego Euskal Herriko administrazioek eta Osasun Ministerioak datuak berraztertzen, eta oraindik ez dira guztiz bat etortzen. Izan litezke aldaketak oraindik ere, beraz.

Datuek kurbaren beste apaltze bat adierazi dute, nolanahi ere: ZIUetan ez dute beste inor ospitaleratu Hego Euskal Herrian, eta %7,7ko heriotza tasa mantendu da. Gainera, gero eta gaixo gehiagok hartzen dute sendagiria. Zehazki, 23 lagun osatu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan azken 24 orduetan, eta, guztira, eritasuna pasatu eta sendatu direnak %89,8 dira. ZIUetan, berriz, 186 gaixo dira oraindik Hegoaldean. Bestalde, Jaurlaritzak jakinarazi du test azkar gehiago egiten ari dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.