Pedro Miguel Etxenike. Zientzialaria

«Gero eta etika dudazkoagoan biziko gara; zalantzan bizitzen ikasi beharko dugu»

Europako Fisika Elkarteko ohorezko kide izendatu berri dute Etxenike. Berria jakin orduko, argi izan zuen: «Hau serioa da, gero!». Berretsi da lehen lerroko zientzialaria dela; egin dituen ikerketengatik, eta ikerketarako eratu dituen zentroen ospeagatik.
JON URBE / FOKU

Arantxa Iraola -

2018ko maiatzak 6
Liburuak pilatuta dauzka Pedro Miguel Etxenike fisikariak (Izaba, Nafarroa, 1950) bere bulegoko mahai batean, DIPC Donostia Internatioal Physics Centerren. «Horiek guztiak hitzaldi bat prestatzeko leitu nituen». Zientziari eta edertasunari buruzkoak dira. Banaka hartu eta ferekatu ditu: aleka adierazi du zerk txunditu zuen gehien bakoitzetik. Sasoi batetik lan agenda mehartu zaiola aitortu du. Joanak dira, esaterako, DIPC, Nanogune eta MPC Material Physics Center ikerketa guneen oinarriak jartzeko urteak: errealitate sendo bat dira egun. Etxenike ekosistemaren erakusle direla ere esaten dute hainbatek. Gustura kontatzen du. Gustura hartu du, halaber, Europako Fisika Elkarteak egin berri dion aitortza: elkarteko ohorezko kide izendatu dute. Goreneko mailako zientzialarientzako kluba da.

Urteak egin zenituen egun erreferentzia diren hainbat ikerketa zentro martxan jartzen. Eragozpen izan zen lan hori guztia ikertzaile gisara hazten jarraitzeko, edo hauspo ere izan zenuen?

Bi gauzak. Ikertzaile gisara nik egin beharreko lanari begira, zalantzarik gabe, denbora asko kendu dit horrek guztiak. Nik adierazi izan dut mendira igo behar nuela gainean 50 kilometroko zorro bat eramango banu bezala; ondoan, beste batzuk arin-arin zihoazen. Alde horretatik, denbora kendu behar izan diet nire egitasmo pertsonalei; baina, era berean, laguntza ere izan da hori nire egitasmoei ikusgarritasuna emateko, baita nire pertsonari ere. Zentro hauek ezagunak dira egun mundu osoan; erruz hitz egiten da, adibidez, DIPCri buruz. Nire ikerketek gehiago aurreratuko zutela egitasmo horiek gabe? Dudarik ez da. Baina zentro horiek eratzen eginiko lana ez nuke ezerengatik aldatuko, ezta inolako sarirengatik ere.

EHUren ikerketa sarea sendotzera egin dute zentro horiek. Jaiotzen eta hazten ikusi duzu unibertsitatea; zeu Hezkuntza sailburu izan zinen 1980-1984ko aldian Jaurlaritzan. Zer-nolako bilakaera ikusi duzu urteotan?

Unibertsitate gaztea da. Mendeetan neurtzen dira unibertsitateak. Cambridgekoan ikasi nuen nik, eta 800 urte konplituak dituzte haiek. Unibertsitatea, Eliza katolikoaren gisara, gehien iraun duen erakundea da. Oro har, nik uste dut, ingurua aintzat hartuta, unibertsitate on bat dugula. Inguruan dituen beste hainbat erakunde baino gutxiago ez da.

DIPC errealitate sendoa da. Halakoxea imajinatzen zenuen martxan jarri zenutenean?

Inork ez zuen ezer imajinatzen! Zentro honen ideia izan nuenean, nire inguruan zeuden askok ametsetan ari nintzela pentsatzen zuten. Bada, errealitateak gainditu ditu nire desio haiek. Ongi hazi zen, eta elur bola baten gisan joan zen: handituz. Zentro honek orain 300 bisitari jasotzen ditu urtean. Iaz, 14.000 alditan baino gehiagotan aipatu zuten ikerketa zientifikoetan: oso garrantzitsua da hori, eta oso zaila. Egiten diren artikuluen erdiak batere aipamenik gabe geratzen dira.

Kongresu eta topaketak egiten ditu; zientziaren komunikazioak garrantzi aski handia du horietan. Hortxe daude Passion for Knowledge goiburupean antolatzen diren jarduerak...

Bai, DIPCk uste du zientifikoki ongi informatutako gizarte bat libreagoa dela; kultuagoa izanda, presio taldeek manipulatua izateko arriskua txikiagoa da, eta ahalmen handiagoa du herritar modura erabakiak hartzeko. Ez bakarrik erabaki horietako asko estu lotuta egongo direlako zientziarekin eta teknologiarekin. Zientziak eta teknologiak pentsatzeko era bat ere badakarte; arrazionaltasunaren eta aurrerakuntzaren balioak dakartzate. Zenbaiti iruditzen zaie horren atzean ikuskera naif bat dagoela, xaloa, baina gu optimistak gara.

Inboluzio arriskua beti hor da...

Ideien eta politikaren eboluzioari erreparatzen badiogu, Euskal Herrian edo beste edonon, oro har, ez dago argi demokrazian, askatasunean eta tolerantzian egindako aurrera urratsak erabatekoak direnik. Herritarrek adi jarraitu behar dugu: eusteko. Autonomia Estatutua izenpetu berritan ere, pentsatzen genuen hortik aurrerakoa ziztu bizian joango zela, eta, hara 38 urte egin ditugu korrika, zer eta toki berean egoteko, Alizia lurralde miresgarrian-eko katuaren gisan. Eta zer, eta egun gobernuak borrokan jarraitu behar du, eta era egokian ari da nire ustez, lehen auzitan jarriko zirela pentsatzen ez zen autogobernu kotak mantentzeko! Adi egon behar da, beraz, beti. Alde horretatik, zientziaren eta teknologiaren alorrean, ez da demokraziaren kasuan bezain dramatikoa; masa kritikoa oso handia da, eta atzera-bueltarik gabeak dira urratsak.

Ebidentzia dutelako oinarri...

Hain justu, jarrera eszeptiko bat sustatzen du zientziak, eta bere burua arautzeko mekanismo bat du. Zientzia elitista da: ez da demokratikoa. Ez da bozen bidez ebazten egia zientifiko bat, eta, zerbait aldatzeko, froga sendoak behar dira. Hemen, esaterako, Ibaeta Valley edo Etxenike ekosistema deitutako honetan halako talentua du bertan eratu den masa kritikoak! Halako izena! Zaila da honek atzera egitea. Zein erritmotan egingo den aurrera: hori da kontua. Eta asmatzea.

Jakiundeko lehendakaria ere bazara. Jakintzaren alor guztiak hartzen ditu aintzat. Zein toki izan behar du erakunde horrek?

Orain bete ditugu hamar urte. Royal Society, Newton lehendakari izan zuen erakundea, XVII. mendekoa da. Beraz, oso erakunde gaztea da gurea; baina arrakastatsua. Jakiundek ondu egin behar du orain, geroan izateko instituzioek ildo estrategiko nagusiak ebazteko orduan aholku eskatzeko erabiliko duten erakundea...

Aholku, adibidez, zeri buruz?

Bada, esaterako, zientzia eta teknologia plan baten ildo estrategikoetarako, Jakiunderi eskatu beharko litzaioke aholku, eta ez aholkularitza enpresa ekonomikoei. Edo, esaterako, klima aldaketaren inguruan kezkatu behar dugun galdetzeko. Akademiak aholkurako goi organo bat izan behar du. Akademiak gogoetarako eremuak dira, botere politikotik independenteak, eta beren iritzia eman behar dute; gustukoa bada, eta ez bada. Ahal bada, haiei galdera eginda; eta bestela ere bai. Eta hamarkada batzuetan horixe izango da Jakiunde, egun ja badena; herriaren foro intelektuala.

Klima aldaketa aipatu duzu; zientzia eta teknologiarekin lotutako beste zein auzi iragartzen dituzu etorkizunerako?

Inoiz ez dago jakiterik. Ezezaguna den horretan egiten den aurrerapen bakoitzak mehatxu bat badakar. Horixe da zientziaren dualitatea. Egia da, oro har, aurrerakuntzak onura gehiago ekarri dituela kaltea baino. Baina arazo larriak ere ekarri ditu: hortxe daude arma nuklearrak. 72 urtean bi aldiz bakarrik erabili dira, baina 10.000 daude. Beraz, etorkizuneko mehatxu asko intuitzen ere zailak dira. Baina zientziak prest egon behar du ezusteei aurre egiteko. Gero eta etika dudazkoagoan biziko gara; zalantzan bizitzen ikasi beharko dugu.

Informatua egotearen garrantziaz mintzo zara. Desinformazioa ere mehatxu da egun...

Argi dago. Iraganean, informazio falta ezagutza falta zen. Egun, informazio gehiegizkoa ezagutza falta bihur daiteke. Aski gai zaila da. Halako abiadan hazten da informazioa! Hori barneratzeko dugun gaitasuna baino bizkorrago. Horregatik, garrantzitsua da irakasteko materien edukietan asmatzea. Oinarrizkoa den horretara joan behar da.

Irizpide argiak behar dira hor...

Irizpideak ez; irizpideekin esaten ari gara batek egia duela, eta besteari esaten diola zer egin. Oinarrizko ezagutza argiak ematea da kontua; horietan oinarrituta ulertzeko eta kudeatzeko konplexutasuna. Zientifikoki informatutako gizarte bati buruz ari garenean, kontua ez da jendea xehetasun ororen jabe izatea, baizik eta kontzeptu batzuk izatea argi. Adibidez, atomo bat zer da: elektroi bat baino handiagoa edo txikiagoa? Edo antibiotikoek aurre egiten diote birus bati? Eta bakterioei? Edo Lurra da unibertsoaren ardatza? Gu gara sorkuntzaren ardatza? Batetik, oinarrizko kontzeptu horiek daude. Bestetik, zer da zientifikoa? Zer ez? Argi izatea, esaterako, homeopatia ez dela zientifikoa, eta legitimoa dela soilik diagnostiko bat atzeratzen ez badu...

Legitimoa da? Ez da beligeranteagoa izan behar halakoekin?

Ordezkatu nahi badu eta diagnostiko bat atzeratuko badu, bai. Guztiz beligerantea. Zientifiko gisara aurkezten bada ere bai. Baina norbaitek pentsatu nahi badu ilargiaren edertasunak ez lukeela zentzurik izango gizakia ez balitz unibertsoaren ardatza, inori kalte egiten ez dion bitartean, pentsa dezala nahi duena. Gai garrantzitsua da: zer den zientifikoa, zer ez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna