Arrauna

Oriok ertzak leuntzen segitzen du, denboraldia biribiltzeko lanean

Aurreneko aldiz irabazi du Euskadiko Txapelketa, Hondarribian. Lana beltz egin behar izan du lehen txandako Arraunen denbora hobetzeko
Nadeth Agirre Orioko patroia ikurrina astintzen, eta, azpian, haren taldekideak txaloka.
Nadeth Agirre Orioko patroia ikurrina astintzen, eta, azpian, haren taldekideak txaloka. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Aitor Manterola -

2019ko abuztuak 1
Orion atzo iluntzean ere ospakizuna izan zuten. Beste bandera bat irabazi izana ospatzeko lorpena delako, eta Euskadiko Txapelketa aurreneko aldiz irabaztea bada, zer esanik ez. Orioko emakumezko arraunlariek hor segitzen dute denboraldia biribiltzeko bidean, serio demonio lanean. Bandera banderari kateatuz. Gainera, atzokoa kostatakoa izan zen, eta horrek ematen dio beste gozotasun bat garaipenari.

Bi aurkari izan zituzten oriotarrek atzo: Arraun Lagunak eta haizea, iparraldetik jo zuena emakumezkoen bigarren txandan. Donostiarrek aise irabazi zuten aurreneko txandan, erraztasunez utzi baitzituzten atzean Hibaika, Zumaia eta Isuntza, ETE ligako taldeak. Hasi eta buka menderatu zuen estropada, eta lan ona eginez, gainera. Euskotren ligako bigarrenak ETE ligako lehen bi sailkatuei atera zien koskak aditzera ematen zuen kosta behar zitzaiola Oriori Arraunen denbora botatzea: Hibaikari 22 segundo atera zizkion, eta Zumaiari, 35. Isuntza 53ra utzi zuen.

Aurkari zuzenaren lan onak ez ezik, haizeak ere azaldu nahi izan zuen oriotarren jarduna zailtzera. Iparraldeko norabidea hartu zuen bigarren txandan, eta indarrarekin joaz, gainera, une batzuetan. Horrek ondorio txar hau ekarri zion Oriori: kanpoko luzean haizea kontra zutela arraun egin beharra. Hala ere, bikain moldatu zen, eta Arraunen segundo berean eman zuen ziaboga bakarra. Lehen txandan hirugarren kaletik joan zen Donostiako taldea, eta Oriori ere kale bera egokitu zitzaion.

Haizea kontra bezala joaterakoan, alde zeukan itzultzerakoan Oriok, atzetik bultzatuz. Baina bigarren luzeko hasierako pare bat minutuetan, Arraunen denbora bota ezinik ibili zen Orio. Bizpahiru segundoko koska. Jakina da Donostiako taldea abila dela barruranzko luzeak egiten, eta, denbora erreferentzia horiek ikusita, zabaltzen hasi zen Oriok ez zuela irabaziko txapelketa.

Orduan etorri zen, ordea, uda honetan bandera bat izan ezik beste guztiak irabazi dituen taldearen erreakzioa. Erritmoa bizitu, bururik galdu ez, eta Arraunek alde zituen segundo apurrak bata bestearen atzetik janez, ikurrin preziatua lortzeko era-eran jarri zen Txiki trainerua. Ez zuen hutsik egin azkeneko metroetan, eta aldea handia izan ez bazen ere, Euskadiko Txapelketa Oriora bidean zegoen, historian aurreneko aldiz. Arraunekiko lau segundo eskasen tartearekin. Hibaikaren denbora ez zuen hobetu Hondarribiak segundo pasatxoagatik, eta etxekoak laugarren izan ziren herrian antolaturiko estropadan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Aitor Manterola

Informazio osagarria