Telesailak

Sugarretan kiskalitako itxaropena

'Broadchurch' telesailaren oihartzuna nabari da lau ataleko thriller eskoziarrean

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2020ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Erresuma Batuan tradizio luzea dute argitu gabeko hilketen inguruko istorioek. Telesailei dagokienez, azken urteetako esanguratsuenen artean daude Appropriate Adult, Southcliffe eta Broadchurch. Horrek aparteko sona izan zuen nazioartean eta antzekotasun handiak ditu Filmin plataforma digitalera heldu berri den Deadwater Fell nobedadearekin.

David Tennant aktore eskoziarra da bietako protagonista; oraingoan, ordea, detektibe rola jokatzen zuena susmagarri nagusi bihurtuta. Bi telesailek badute antzekotasunik narrazio estiloan; izan ere, heriotzak bidegurutzean utzi dituen bi familia eta euren adiskidetasun estua dira protagonista. Misterioz jositako heriotzen atzean egon litezkeen arrazoiei gertutik erreparatu diete, eta esploratu dituzten kontzeptuetako batzuk dira dolua, sekretuak eta desleialtasuna. Bata zein bestea gainera, komunitate txikietan giroturiko kontakizunak dira, zorigaitzeko gertakari batek herritarrengan izan dezakeen eragin traumatikoaren isla.

Baina bada ezberdintasun nabarmen bat ere. Deadwater Fell telesailean, emakumeek agindu dute kameraren atzean. Sei denboraldiko Grantchester detektibe saioa ondu zuen Daisy Coulam da sortzailea eta zuzendari, argazki, musika... ardura postu guztiak utzi ditu emakumeen esku. Horrek bestelako nortasuna eman dio kontakizunari, familia harremanei eta erruduntasunari loturiko gaiak jorratzeko orduan.

Lau atalak zuzendu ditu Lynsey Miller zinemagileak. Tentu handiz eraman du iruditara heriotzak etxean zein eskolan sorturiko hutsunea, eta erakutsi du luzaroan ereindako harremanak zein erraz kiskal daitezkeen sugarretan. Tamalez, gidoiean erratu da Coulam: ahalegindu da ezustekoen joko narratiboa behin eta berriz baliatzen, eta azkenerako formula agortu, tentsioa galdu eta ikusleak nahasi ditu. Azalpenak aurreztea izan ohi da thriller eraginkor baterako giltza, eta kasu honetan kontrakoa gertatu da, pertsonaien iraganaren inguruko informazio gehiegi argitu dute sortzaileek flashbacken bitartez.

Telesailak hobeto funtzionatu du biderik ilunenetan murgildu denean. Thriller psikologikorako abilezia erakutsi du manipulazio emozionalean oinarrituriko eszena gordinetan, eta plano itxien bidez azpimarratu du damuak zer zama itogarria eragiten dien protagonistei. Pertsonaien presondegi emozionala islatu du telesailak alor formalean, baina erreferente duen Broadchurch-en mailatik oso urrun geratu da. Hainbat eszena, gainera, Tennanten interpretaziorako maisutasunari esker atera dira aurrera.

Azken atalerako gorde dituzte sortzaileek tentsiorikgoreneko pasarteak, eta emozioen zurrunbiloan indar handia hartzen duten elkarrizketak. «Ezin diozu norbait maitatzeari utzi, ekintza beldurgarri bat egin duela jakin arren», horixe aitortzen dio susmagarri nagusiaren amak protagonistetako bati. Espiritu tragikoa gailendu da Deadwater Fell telesailean, eta ikusleentzako tragediarik handiena zera da: sute erraldoia amaieraraino piztu ez izana.

'DEADWATER FELL'
Sortzailea: Daisy Coulam.
Aktoreak: David Tennant, Cush Jumbo, Maureen Beattie, Stuart Bowman, Laurie Brett.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Urtea: 2020.
Non ikusi: Filmin.
Atal bakoitzaren iraupena: 45 minutu.
Generoa: Thrillerra. Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.