Morcilloren kontraesanak salatu ditu Brouarden defentsak

HBko buruzagia hil zuela berretsi du epailearen aurrean GALentzat lan egin zuen mertzenarioak

Erredakzioa
Bilbo
2013ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Aurretik egunkari batean esandakoa berretsi du epailearen aurrean Luis Morcillok, GALeko mertzenario ohiak. Aitortu du berak hil zuela Santi Brouard HBko buruzagia eta medikua, 1984ko azaroaren 20an, haren kontsultan. Bideo konferentzia bidez egin du aitorpena, Brouarden hilketaren auzia berriz irekitzea erabaki duen Bilboko 1. Instrukzio Epaitegiko epailearen aurrean.

Brouarden senideak eta abokatuak, baina, kezkatuta azaldu dira Morcilloren adierazpenekin. Uste dute haren azalpenek ez dutela ezer berririk ekartzen auzira eta «kontraesanez» beteta daudela. Txema Montero defentsako abokatuaren arabera,Morcillok bideo konferentzia bidez eginiko adierazpen batzuek ez dute bat egiten auzia berriz irekitzea eragin duten entzuketekin. Jose Amedo polizia ohi eta GALeko kide izandakoak jarri zituen epailearen esku entzuketa horiek aurtengo otsailean. 2003an, halere, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak epaitu eta absolbitu egin zituen Amedo, Morcillo eta Rafael Masa —Morcillok orain dio Masaren aginduz hil zuela Brouard—.

Morcillok eta Amedok orain arte izandako jarrera «nahasgarria» izan dela salatu du Edurne Brouardek, Santi Brouarden alabak, eta uste du bide horretatik jardungo dutela aurrerantzean ere. Hala ere, ohartarazi du «ahal den guztia» egingo dutela «guztia argitu arte». «Ez soilik atentatuaren egileak, baita ondorio guztiak ere», gaineratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.