HILBERRIA. Peter Bogdanovich

Zinemazale eskuzabal bat

ETTORE FERRARI / EFE.
Andoni Imaz.
2022ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Zinemak bizi zuen Peter Bogdanovich (Kingston, AEB, 1939 - Los Angeles, AEB, 2022): zuzendaria, gidoilaria, aktorea, ekoizlea, historialaria eta kritikaria izan zen. Zinemazale sutsua zen gazte garaian, eta programatzaile eta kritikari lanaren bidez hasi zuen karrera. Frantziako kritikak, Cahiers du Cinéma aldizkariaren girokoak, eragin handia izan zuen harengan.

29 urterekin, kritikak idazteari utzi, eta filmak zuzentzen hasi zen, Targets lanarekin (1968), eta handik hiru urtera egin zuen The Last Picture Show gogoangarria. Bogdanovichen pelikularik arrakastatsuena da; sari ugari lortu zituen, eta Hollywood Berriko zuzendari aipagarri bat bilakatu zen hari esker. What's Up, Doc? (1972) eta Paper Moon (1973) egin zituen gero, eta horiek ere ibilbide oparoa egin zuten.

Bogdanovichek filmak egiten jarraitu bazuen ere, ez zuen gisa horretako arrakastarik lortu 1970eko hamarkadaz geroztik. «Gauza bat ikasi dut: egiten duzun film bakoitzak ezin du hil edo bizikoa izan», esan zuen behin Los Angeles Times egunkarian egindako elkarrizketa batean. «Zuk soilik filmak egiten jarraitu, eta onena espero behar duzu». She's Funny That Way (2014) komedia erromantikoa eta The Great Buster: A Celebration (2018) dokumentala dira hark egindako azken filmak.

Zinemari buruzko hainbat liburu eta film egin zituen, zuzendarien inguruko saiakerak eta elkarrizketak batez ere. John Fordi, Buster Keatoni eta Orson Wellesi buruzkoek, besteak beste, eragin nabarmena izan dute zinemagile horien lanaren zabalkundean.

Bogdanovich berez hil zen, atzo, etxean zela, 82 urterekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.