'Tribuaren berbak' saioak grabatua duen azken atala emango dute gaur

Tribuaren berbak saioaren geroa airean dela, gaur emango dute grabaturik daukaten azken saioa. ETBko zuzendaritza egunotan erabakitzen dabil saioak jarraituko duen edo ez. Hasieran, saioa bukatutzat eman zen, eta abendutik aurrera ez da grabaketa gehiago egin, baina, egunotan, ETBn zabaldu da litekeena dela jarraitzeko aukeraren bat egotea.
Zabalduta dagoen usteaz bestera euskararen mundua zein handia eta zabala den erakusteko helburua du Kike Amonarrizek aurkezten duen saioak. Ustekabeko arrakasta izan zuen lehen denboraldian. Saioa «oso dinamikoa» zelako eta ikuspegi «alai eta positiboa» ematen zuelako harritu zituen ikusleak, Amonarrizek orduan esan zuenez. Denera, 33 atal eman zituzten. Urrian abiatu zuten bigarrena, «Zergatik da garrantzitsua euskara?» galderari erantzuna aurkitzeko asmoz.
Urtearen bueltan hasi ziren kezkatzen saioaren etorkizunarekin, ez zutelako jasotzen saio gehiago grabatzeko enkargurik. Printzipioz, Tribuaren berbak saioak ez zuela jarraituko esan zioten taldeari. Agur kutsua duen mezu bat idatzi zuen Amonarrizek astearte arratsaldean Twitterren: «Milesker tribukide izan zareten guztioi. Euskararen bidean berriz elkartu arte!».
Badirudi, itzultzekotan, ordubeteko saio bihurtuta itzuliko dela, formatuan hainbat aldaketa eginda. Saioak jarraitzea erabakiko balute ere, etenaldi bat egin beharko du.
Euskara, eredua
Euskal Herrian hizkuntza leheneratzeko eginiko lanak munduko beste lekuetan izan duen eragina erakutsiko dute gaurko saioan. Eredu ere bagarelako izenburu adierazgarria jarri diote. Beste hizkuntza batzuentzat euskarak gaur «itsasargiaren papera» egiten duela diote Tribuaren berbak saiokoek.
Nazioarteko lankidetzaren alorreko Garabide elkarteko Ander Bolibar eta Maddi Iñarrarekin hitz egingo dute, hasteko. Euskara normaltzeko lanean ikasitakoa Txileko maputxeekin edo Afrika iparraldeko amazigh herriarekin nola lantzen duten azalduko dute.
Andoni Egaña bertsolariarekin, berriz, bertsolaritzak munduko beste ahozko inprobisatzaileei irakatsi diena eta bertsolariek haiengandik ikasi dutena aztertuko dute.
Hurrengo gonbidatua Asier Amondo izango da. 19. Korrikaren koordinatzailea da Amondo, eta, Korrika eredu harturik, Irlandan, Galesen, Katalunian, Bretainian, Galizian eta Europako beste leku batzuetan bertako hizkuntzen alde egiten dituzten lasterketen berri emango du. Mertxe Mugika AEK erakundeko koordinatzaile nagusiak, berriz, helduen euskalduntze eta alfabetatze lanerako kanpoan ikasitakoak azalduko ditu, eta atzerrian Euskal Herritik ikasi dutena ere bai.
Amaitzeko, normalizazioan aurrera jarraitzeko egin beharreko urratsez arituko dira Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia eta Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Poltikarako sailburuordea.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.
