'Tribuaren Berbak' itzuliko da gaur, 'Parisen euskaraz' atalarekin

ETB1eko programa 30 minutukoa zen lehen, eta hemendik aurrera ordu batekoa izango da

Kike Amonarriz Tribuaren Berbak saioko zuzendari eta aurkezlea, Parisko metro geltoki batean. Euskara ere erabili dute hango zeinuetan. ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2015eko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Aste batzuetako etenaldiaren ostean, bueltan da ETB1eko Tribuaren Berbak saioa. Denboraldi berriko lehen atala emango dute gaur, 22:25ean: Parisen euskaraz. Lehen baino luzeagoak izango dira orain atalak, ordu batekoak.

Kike Amonarriz eta lantaldea Frantziako hiriburura joan dira, hainbat tribukiderekin hitz egitera. Bisitan, Ronnie Lynn Paterson jazzeko piano jotzailea elkarrizketatuko du lehenbizi. Amerikako Estatu Batuetan jaioa da Lynn Paterson, Kansasen, eta Parisen ikasi zuen euskaraz. Hizkuntza ikasteko arrazoiak kontatuko ditu. Concorde plaza izango da saioaren hurrengo hitzordua, eta han Xabier Madariaga EITBko kazetariarekin hitz egingo du Amonarrizek.

Parisko Eskual Etxeko lagunei egingo die bisita gero saioko gidariak. Horietako bat Louis Domecq da, Eskual Etxeko aurreneko lehendakaria 1950eko hamarkadan. Gaur egungo nondik norakoak Arlette Oçafrainek, Maitane Larrondek eta Lorea Ibañezek emango dituzte. Gontzal Sierra irakasleak euskarazko eskolen inguruan hitz egingo du. Ibon Bengoetxeak, berriz, Sustraiak-Erroak euskara taldeak antolatzen dituen jardueren berri emango du.

Frantziako Liburutegi Nazionalean barneratuko da, bestalde, Tribuaren Berbak. Bernat Etxeparek 1545ean idatzitako Linguae vasconum primitiae liburua aurrez aurre ikusiko du Amonarrizek.

Luxi Agergarai Amaren Alabak musika taldeko abeslariak Parisen euskara nola bizi duen kontatuko du; Felix Uhart tabernariak bere taberna bitxia erakutsiko du; eta Euken Ostolaza tenoreak bere esperientzia kontatuko du Opera Nazionalaren ondoan.

Parisko liburu saltzaile batek, halaber, euskara ikasteko metodorik hirian aurki daitekeen azalduko dio Amonarrizi.

Paristik bueltan, datorren astearteko atalean Korrikaren inguruan ariko dira. Amonarrizek Asier Amondo Korrikako antolatzailearekin, Xabier Amurizarekin, Juan Gorritirekin, Alizia Iribarrenekin eta Amets Arzallusekin hitz egingo du, besteak beste. Urepelen (Nafarroa Beherea) amaituko dute saioa, Korrika hilaren 19an abiatzen ikusiko duen herrian. Xan Aire kazetariak hasiera ekitaldiaren nondik norakoak azalduko ditu.

Datu ugari webgunean

Tribuaren berbak saioan jasotako datuak EITBren Euskaldunok euskaraz blogean bilduz joan dira astero. Orain, post guztiak aurkibide bakarrean bildu dituzte, saioaren atarian bertan: www.eitb.eus/eu/telebista/programak/tribuaren-berbak/.

Denboraldi berriaren aurkezpenean, euskararekin lotutako gaietan jaso dituzten ideiak irakaskuntzan eta euskara taldeetan nola erabili azaldu zuen atzo Amonarrizek, Bilbon. «Euskaraz pozik bizi nahi duen herri batean bizi gara, eta gero eta euskaldunagoa da. Dagoen aniztasuna eta egitasmoak erakutsi nahi ditugu, modu alai eta interesgarrian». Filosofia hori telebistatik kanpo ere zabaldu nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.