Joxerramon Bengoetxea.

Erresuma Batua (EB) eta Batasun Europarra (BE), betiko agur?

2017ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Teresa Mayk esana du BEtik irtetea ez dela Europa uztea, baina badirudi brexit-ak ez duela atzera bueltarik. «Brexit is brexit» tautologia baino gehiago da, hard Brexit for ever interpretatzen da. Izan ere, jarrerak gogortu eta gotortu direla ematen du. Medioek «dibortzioaren» analogia darabilte, akaso Henry VIII.a Ingalaterra eta Gales batu zituen erregearen ikurra gogoan dutelarik. Dibortzioarenak baikorrentzat balio du soilik: zaintzak, ardurak eta ondasunen banaketa negoziagarri dira —60 mila milioi euro inguru—, eta denborak sendatuko du ezkonkide ohiengan geratzen den gogo txarra. Ezkorrenek, ordea, Stanfordeko Niall Fergusonek, kasurako, zismaren irudia darabilte, eta brexiteer-ek nahiago dute akordiorik eza, akordio txarra baino. Enrike VIII.ak Erromarekiko erabateko haustura ekarri zuen, alaba Elixabete I.ak itsas inperioa sortu zuen, eliza anglikanoak aske dirau... Eta orain brexitar-ek subiranotasuna berreskuratu dutela uste dute.

Ikuspegi politiko-ekonomikotik edo identitateen aldetik EBko enbaxadoreak Donald Tuski eskura eman jakinarazpen gutunak beharbada zismaren susmoa dakar. Baina juridikoki BEko Tratatuko 50. artikuluak ez du ezinbestean zismatiko izan behar. Oraingoz ez bederen. Hurrengo bi urteetan EBk jarraituko du BEren kide izaten: obligazioak ditu, nahiz eta ezin duen etorkizunerako erabakietan parte hartu, ezta oztopatu ere. Akordioa lortzen denean trantsiziozko epe bat egongo da, eta eurofoboek hain gorroto duten Europar Justizia Auzitegiak trantsizioa gainbegiratuko du. 50. artikuluak ez du ezertan galarazten irteteko erabakian atzera egitea. Gauza asko gerta liteke, denak bidezko: beste gobernu bat aukeratzea, parlamentuak negoziatutako baldintzak ez berrestea, lortutako akordioari buruzko balizko erreferendumean ezetzak irabaztea. Brexit-a gauzatuta ere, gerta liteke, geroan, EB erabakiaz damutzea, eta berriro BEren kidetza eskatzea; ez dago ezer berriz kidetzea oztopatzen duenik. Orduan bai, negoziazio berriei ekingo lieke EBk eta BEk. Baina, jakina, juridikoki posible denaren eremua ez da politikarena, eta brexit-a EBren erabaki politikoa da. Hortaz, BEren erantzunak ere politikoa izan beharko luke.

Izurrite arriskuari nola erantzuten dion, zismaz ala dibortzioaz, horra gakoa. EBtik behi eroen gaitza etorri zenean BEk kutsadurari aurre egiteko berrogeialdiko neurri gogorrak hartu zituen moduan, oraingoan ere Frexit, Nedsit eta antzeko EXIT tentaldiak uxatzeko antidoto gogorrak proposatzen dituzte batzuek. Baina beharbada zisma ez zaio BEri komeni: zertarako kalte egin EBri? Gainera, albo-kalte gehiago sor litezke Ipar Irlandan edo Eskozian. Erantzun zuhurragoa komeni da. Identitatea eta integrazio proiektua, alegia, «Europako herrien arteko gero eta estuagoa izango den batasun» xedeari berriro heltzea. Hein batean hori da Junckerren liburu zuriaren atzetik dagoen gakoa. Harvardeko Dani Rodrikek dio desfase bat dagoela BEren lorpen ekonomiko eta politikoen artean, eta bietako bat, politikoki arinago goaz batasun ekonomikoaren martxan ala batasun ekonomikoa mantsotzen dugu, daukagun elkarlan politiko geldoarekin parekatzeko. Desazkundearen teorikoek barka nazaten, baina globalizazioan ekonomia mantsotuko ez denez, bietako bat, nazio-estatuek subiranotasuna berreskuratzen dute, muturreko nazionalistek proposatzen dutena, ala BE politikoki berrosatzen da, federalistek aldarrikatzen dutena. Ba al dago erdibiderik?

Politikoki Europa federalaren proiektua erakargarri izan daiteke. Hasteko, BEn ez da inor kide izateko behartzen, irteteko aukera gure esku dago. Orain falta dena da europarron gogoak proiektuarekin bat egitea, Putin, Xin Pin edo Trumpen munduan alternatiba bat badagoela jabetzea. Pertsonen askatasunean, aukeren berdintasunean sinesten duen, logika ekonomikoari ongizatearen eta garapen jasangarriaren logika politikoa —zorraren mankomunitatea, eurobonuak, zerga europarra edo defizitaren malgutzea— ezartzen dion eta, federalismoaren haritik, batasunaren eta estatukideen eskuduntzen banaketan oreka eta efikazia bilatzen duen alternatiba gizakoia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.