Koronabirusa

Neurriak, gazi-gozoak udalentzat

Intzidentzia tasen gorakadak kezka piztu du, eta neurriak behar direlakoan daude. Ardura udalen gain uztea txarretsi dute zenbaitek

Unai Etxenausia - Ion Orzaiz
2021eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Azken asteetan, ez da eten positiboen joera, eta jakinekoa zen Eusko Jaurlaritzak neurriak iragarriko zituela 100.000 biztanleko 150etik gorako intzidentzia tasa duten eremuetarako. Atzo jakinarazi zituzten. Hala, Jaurlaritzak udalei eskatu die prebentzio neurriak bete ezin daitezkeen ekitaldi jendetsuak bertan behera utzi edo atzeratzeko, eta prebentzio neurriak indartzeko. Horrenbestez, udalen esku geratzen da neurtzea aurreikusita dauzkaten ekitaldien arabera zer egin eta neurriak nola betearazi. BERRIAk zenbait udaletara jo du, Eusko Jaurlaritzaren mezua nola hartu duten galdetzera. Hemen lagin bat:

XABIER URDANGARIN Astigarragako alkatea

«Haserre gaude Osasun Sailarekin; ez digute eman informaziorik»

«Zur eta lur gelditu gara Sagarduiren hitzak entzunda: ez dute neurri jakinik proposatu, eta udalen esku utzi dute erantzukizun osoa, izurri larri baten erdian», kexu azaldu da Astigarragako alkate Xabier Urdangarin. Jaurlaritzak emaniko gomendioekin, egoera interpretatzea «oso zaila» izango dela uste du.

Zehazki, Osasun Sailarekin «oso haserre» dagoela esan du Urdangarinek. «Denbora gutxiren buruan iritsi ginen 1.100etik gorako intzidentzia tasara [orain 1.408koa da], eta, hala ere, ez genuen lortu Osasun Sailarekin hitz egitea. Izugarria izan da informaziorik eza. Halako egoeretan, udal txikiok informazioa eta aholkuak behar ditugu, eta ez digute ezer eman».

ERNESTO SAINZ Aguraingo alkatea

«Administrazio bakoitzak ahal dituen neurriak hartzen ditu»

Sainzek ez du espero aldaketa handirik izatea Agurainen, azaroaren 3an iragarri zituzten neurrien bide beretik doazelako Eusko Jaurlaritzarenak. «Uste dugu gobernuak berretsi egin duela Aguraingo Udalak hartu zuen erabakia, indizea 1.064 kasutik igo zenean». Sainzek ez ditu zalantzan jartzen Eusko Jaurlaritzak iragarritako neurriak: «Tekniko profesionalek erabakitzen dituzte. Gainera, eskuduntza muga asko ditu Jaurlaritzak; administrazio bakoitzak ahal dituen neurriak hartzen ditu. Haien ustez nahikoak badira, hala izango da».Uste du normala dela Eusko Jaurlaritzak erabakia orain hartu izana, herri askotako intzidentzia asko igo baita azken egunetan. «Baina bat egiten dute guk hartu genituenekin. Agurainen behintzat, 1.064tik 765era jaitsi dira kasuak», esan du herriko alkateak.

IÑIGO GAZTELU BILBAO Larrabetzuko alkatea

«Ez da zilegi erabakia udalen esku uztea»

«COVID neurri berrien harira, haren erantzukizunekoak diren neurri murriztaileak hartzeko erabakia saihesten du Eusko Jaurlaritzak. Ez da zilegi erabakia udalen esku uztea. Berriro. Eusko Jaurlaritzak erakutsi du ez dela gai bere erantzukizunekoak diren erabakiak hartzeko. Udalek ez dugu baliabiderik eta tresnarik pandemia bati aurre egiteko. Eta, herri txikietan, gutxiago. Eta berriro, azken urte eta erdian bezalaxe, berriak hedabideen bitartez jasotzen ditugu». Kexu da Larrabetzuko alkatea; «lotsagarria» dela uste du. «Guk, Larrabetzuko Udalean, herritarrekin eta herriko elkarteekin elkarlanean hartuko ditugu erabakiak, orain artean bezala. Herriari jakinaraziko diogu zein den egoera eta zer neurri dauden. Ekitaldi jendetsuei dagokienez, ez ditugu bertan behera utziko: neurriak betetzeko eskatuko dugu. Berdin egingo dugu herriko erabilera publikoko guneekin».

IÑAKI TOTORIKAGUENA Iurretako alkatea

«Ezartzen diren neurriak bete egin behar dira»

«Antzera jarraituko dugu. Herri txikia gara, eta ez dugu ekintza askorik antolatzen. Ikusiko dugu nolakoa den eboluzioa, eta zuhurtziaz jokatuko dugu bitartean», adierazi du Totorikaguenak. Uste du ez dela beharrezkoa neurri gehiago hartzea, eta erantzukizuna «denona» dela: «Musukoa ez kentzea, eskuak garbitzea... ezartzen diren neurriak bete egin behar dira. Hori betetzen badugu nahikoa dela esango nuke». Uste du ardura partekatua dela, eta bat dator Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriekin: «Orain arte hartutako erabakiekin babestuta sentitu gara, eta, oraingo honetan, berdin. Udalok ere gurea egin behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.