Koronabirusa

Murgak jakinarazi du adin txikikoetan kasu batzuk atzeman dituztela egunotan

Onartu du urtebete baino gutxiago duten umeak identifikatu dituztela, eta horrek «atentzioa» eman diela. Hegoaldean beste 21 kutsatu izan dira

Hiru haur bizikletarekin eta patinekin jolasean, Iruñean, apirilean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak agerraldia egin zuen atzo, gobernu bileraren ostean, eta ohartarazi zuen azken egunotan adin txikikoengan atzeman dituztela COVID-19 kasu batzuk; esate baterako, atzo bi kasu identifikatu zituzten. «Urtebete baino gutxiago duten adingabeak identifikatzen ari gara, eta horrek atentzioa eman digu». Haren arabera, haurrek, oro har, ez dute gaixotasunaren sintoma larririk izaten, baina adierazi zuen egon daitezkeela kasuak. Beraz, haurrak «babestu» behar direla nabarmendu zuen Osasun sailburuak.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eskainitako datuen arabera, atzo beste 21 positibo erregistratu ziren Hego Euskal Herrian, herenegun baino zazpi gutxiago: Araban bat, Bizkaian hiru, Gipuzkoan lau eta Nafarroan hamahiru. Hildakoei dagokienez, pertsona bat hil da, eta hamabidaude zainketa intentsiboetako unitatean.

Murgak adierazi zuen Gipuzkoako kasuetako bi Orioko kasuarekin lotuta daudela, familiakoak edo kutsatuaren ingurukoak direlako, baina erantsi zuen pertsona horiek jada bakartuta zeudela eta kasu guztien jarraipena egiten ari direla. Hain zuzen, asteburuan atzeman zituzten herri horretan lehen kasuak, eta, gaur-gaurkoz, zortzi positibo detektatu dituzte han. Gainera, gehitu zuen Txagorritxuko eta Basurtuko ospitaleetako fokuak ere «kontrolpean» daudela, eta ez dagoela beste kasurik. Lehenengoan, hamabost kasu daude, eta bigarrengoan, 45.

Carlos Artundo Nafarroako Gobernuko Osasun zuzendari nagusiak ereazken egunetan lurraldean egon den hazkundea izan zuen gogoan. Hain zuzen, iparraldean —Doneztebeko osasun eremuan—eta Iruñerrian —Antsoainen, Noainen eta Zizurren— identifikatu dira gorakadak, baina jakinarazi zuen azken orduetan erregistratutako kasuetatik bakarra dagoela kasu horiei lotuta. Herritarrei «zuhurtzia» eskatu zien: «Egun batzuk itxaron behar da kontaktu horietatik kasu gehiago ateratzen diren ikusteko». Haren arabera, datozen asteetan gorakadak egongo dira, «joan-etorri eta harreman sozial gehiago» dagoelako.

Aurrera begirako urratsak

Uztailaren 12an egingo dira EAEko hauteskundeak, eta bertan hartu beharreko neurriez ere jardun zuen Murgak. Haren arabera, kanpainan eta hauteskunde egunean arriskua «kontrolatuta» egongo da, betiere «eskainitako aholkuak eta segurtasun neurriak» errespetatzen badira. Herritarrei lasaitasun mezu bat helarazi zien, eta, aldi berean, udaz gozatzeko dei egin. Udarako aholku batzuk eman zituen; esate baterako, eskatu zuen eguzkiaren ondorio «kaltegarririk» ez izateko neurriak hartzeko, azaleko minbiziaren eta begiko gaixotasunen faktore «garrantzitsuak» direla iritzita.

Artundoren ustez, berriz, agertzen diren kasuei erantzun «ona» ematen zaie, eta jarraipena era egoki batean ari dira egiten. Beraz, jarduera ekonomikoak eta sozialak malgutasunez berreskuratzea inportantea iruditzen zaio: «Ondo egiteko moduan gaude: erantzukizun indibidual eta sozialarekin, distantzia gordeta, higiene neurriekin, maskarak erabilita eta espazioak aireztatuta. Buruarekin zentzuz jokatuz gero, aurrera egingo dugu eta gozatzen jarraitu ahal izango dugu». Gaineratu zuen ezin dela dena «pikutara bota», ezin delako onartu hasierako egoerara itzultzea: «Osasun arloko profesionalei zor diegu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.