Autogobernu Lantaldeak datorren asteazkenerako itxiko du eskumenen atala

Gizarte Segurantza Jaurlaritzaren esku uztea proposatu dute sintesian. Botere publikoen eta diru sarreren eztabaidari helduko diote gero

Jone Berriozabal lantaldeko koordinatzailea, Andoni Iturberekin. J. R. / FOKU.
jon olano
2018ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak datorren asteazkenean jarraituko du eztabaidatzen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politiko berriak jaso beharreko eskumenen inguruan. EAJk osatu du talde politikoen proposamenak biltzen dituen sintesi agiria, eta astelehenean utzi zuen dokumentu hori gainerako indar politikoen esku. Lantaldea atzo batzartu zen, eta, taldeek ados jartzeko nahikoa denbora izan ez dutela-eta, beste astebete izango dute sintesi horri zuzenketak aurkezteko eta bere edukien inguruan ados jartzeko. Espero da tarte horretan akordio bat lortzea eta eskumenei buruzko atala itxitzat jotzea.

Sintesi lan horretan, EAJk proposatu du Eusko Jaurlaritzaren esku uztea Gizarte Segurantza. 1979ko estatutuaren arabera, Jaurlaritzari dagokio Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketa, baina, Madrilek eskualdatzeari uko eginda, Espainiako Gobernuak segitzen du kudeatzen. Azken urteetan, hori izan da jeltzaleek eskatutako eskumen nagusietako bat, espetxe politikarekin batera. Esaterako, EAJk eta PSE-EEk 2016an adostutako gobernu programan jasota dago Madrili eskatzea Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketa «eta eskualdatze hori arautzeko behar diren hitzarmenak negoziatzea Transferentzien Batzorde Mistoan, elkartasun-printzipioa eta sistemaren batasuna errespetatuz».

Halaber, atzo Autogobernu Lantaldean eztabaidagai izandako sintesiak proposatzen du Jaurlaritzak bereganatzea 1979ko estatutuan jaso bai baina eskualdatu ez diren eskumenak, estatuko lege organikoen eta ebazpen judizialen bidez «murriztutakoak» berreskuratzea eta egungo estatutuan jasotako eskumen kopurua zabaltzea. Horren helburua da «berezko erabaki esparru zabal, barneratzaile eta baldintzarik gabea» bermatzea. Bestalde, Espainiako Konstituzioaren arabera modu esklusiboan estatuarenak diren eskumenei dagokienez, sintesiaren arabera euskal erakundeei legokieke horiek gauzatzea. Alor horretan, Alemaniako eredu federala jarri dute adibide gisa.

Hiru eskumen multzo

EAJk prestatutako dokumentuak hiru eskumen multzo aurreikusten ditu. Aurrenekoan leudeke estatuarekin «itundutako» gaiak: hizkuntza, kultura, kirola, hezkuntza, segurtasuna, enplegu publikoa, zuzenbide zibila, Kontzertu Ekonomikoa eta justizia administrazioa, besteak beste. Azken horretan jasota legoke espetxe politika ere. Bigarren blokean aitortzen dira baliabide naturalen eta azpiegituren titulartasuna; hirugarrenean, berriz, lan harremanen eskumenak eta «babesarenak edo Gizarte Segurantzarenak» daude bilduta.

Sintesiak Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Espainiako Estatuaren arteko«egiazko aldebikotasun» harremana du oinarrian, eta harreman hori «Kontzertu Politiko» gisa artikulatzea proposatzen du; alegia, «izaeran, egituran eta eraginkortasunean», Kontzertu Ekonomikoaren tankerakoa izatea. Gainera, estatutu berriak «lankidetza eta elkartasun mekanismoak» jaso beharko lituzke, eta baita atzerri politikarako eskumen sorta «zabal bat» ere; besteak beste, Jaurlaritzak ordezkaritza izatea Europako eta nazioarteko erakundeetan.

Atzoko bileran, mintzagai izan zituzten justizia administrazioa arautzeko moduak, arkitektura instituzionala eta eskumen gatazkak konpontzeko bideak. Eskumenei buruzko atala amaitzearekin batera, taldeek botere publikoen ingurukoari helduko diote. EH Bilduk onduko du arlo horretako sintesi lana. Gainera, ogasunean, zerga bidezko diru sarreretan eta ondarean egin beharreko balizko erreforma bati buruz gogoetatzeari ere ekingo diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.