Euskal patronalek ez dute lortu euretako bat CEOEko buruzagitzan jartzea

Joan Rosellek berriro irabazi du Espainiako patronalaren presidentetza, Antonio Garamendi getxoztarrari 33 botoen aldea aterata
Rosell eta Garamendi atzo, emaitzak jakin ondoren.
Rosell eta Garamendi atzo, emaitzak jakin ondoren. EMILIO NARANJO / EFE

Xabier Martin -

2014ko abenduak 18
Euskal enpresarien «eraginkortasuna» Espainiako Estatuan asko baloratzen dela esan ohi da, baina CEOE gidatzeko nahiago izan dute guardia zaharra. Nahiz eta zaharrari zatarkeria kiratsa darion. Joan Rosellek (Bartzelona, 1957) irabazi ditu Espainiako patronalaren presidentetzarako hauteskundeak, «laguntza sozialak jasotzeko esperantzan milioi bat etxekoandrek» langabezian izena eman zutela esan zuen Rosellek berak. Espainiako enpresa ertain eta txikien Cepymeko presidente Antonio Garamendik (Getxo, 1958) porrot egin du Rosell CEOEren gidaritzatik baztertzeko saioan, eta harekin batera, SEA, Cebek eta Adegik, haien babesa baitzuen Confebasken adierazpen publikoaren bidez. Euretarra da. CEN nafarrak, berriz, Rosellen alde egin du.

Ez da alde handirik egon bi hautagaien artean atzo Madrilen egindako hauteskundeen emaitzei begira. Rosellek 345 boto lortu ditu (%52,2) eta Garamendik, 312 (%47,2). Rosellek jarrera handinahia erakutsi du prozesuan, lortutako babes guztiak mahai gainean jarrita. Bata bestearen atzetik bota ditu egunotan hainbat sektoretako patronalen izenak: Anfac (auto ekoizleak), Faconauto (auto saltzaileak), Asedas (Supermerkatuak), Seopan (Eraikuntza), Adigital (teknologikoak), Fehr eta Cehat (ostalaritza), AEB (finantzak)... Gainera, probintzietako patronal gehienak bere alde egingo zutela aurreikusi zuen, eta horretan asmatu du, nahiz eta aditzera emandako alde nabarmen hori ez den handia izan, ezta hurrik eman ere.

Enpresari handien rola

Antonio Garamendik, berriz, hautagai izateko behar ziren 25 abalak aurkeztu zituen, eta isilean gorde zituen beste babes batzuk, esaterako CNC (eraikuntza), Confemetal (metala), Ametic (teknologikoa), Unesa (elektrikoa) eta aurrezki kutxa gehienena (Ceca). Jakina da noski Confebaskek ere haren alde bozkatu duela, eta ustez Cantabria, Errioxa, Gaztela eta Leon, Gaztela-Mancha, Asturias eta Espainiako beste hainbat erkidegotako patronalek.

Ez da nahikoa izan, ordea, besteak beste, Cesar Alierta Telefonica ahaltsuaren burua eraginkorra izan delako enpresa handien izenean hauteskunde bezperan Rosellen alde egindako deiarekin. Genovako ateak beti zabalik dituzten enpresari handiek hautagai ezagunaren alde egin dute. «Jendeak subsidioa bukatzeko hilabete falta duenean aurkitzen du lana mirari batez», botatakoa da Rosell. Badakite ez duela huts egingo zenbait ataletan, nahiz eta jatorrizko bekatua sorlekuan eduki. Batzuek diote ez duela behar bezain argi adierazi CEOEk Kataluniaren subiranotasun prozesuaren aurka duen jarrera. Katalana da, eta horrek susmagarri egiten du gaur egun.

Katalan susmagarria hobe euskal herritar susmagarria baino, biak ala biak PPren zale izanda ere. CEOEko kide gehienek ez dute apurtu nahi izan Gerardo Diaz Ferran iruzurgile espetxeratuaren katean jadanik beste katebegi bat ordezkatzen duen gizonaren jarduna. Diaz Ferran lapurraren estiloaren pare dabil Rosell, Garamendiren iritziz; beste eredu bat nahi zuen, serioagoa antza. Baina bistan da, «hobe litzateke funtzionarioei subsidio bat ematea administrazioan papera gastatzen edukitzea baino», esan duenak Espainiako enpresariak ordezkatzen jarraituko du.

Confebaskek bazuen beste arrazoi bat CEOEren gidaritza lortzen saiatzeko, hala ere. PPren gobernuak patronalaren babesarekin onartu duen mutualitateen legearen oso aurkakoa da. Miguel Anjel Lujua Mutualiako zuzendari nagusia dela ezin da ahantzi; CEOEko buruzagitzatik errazago eragin daiteke lege hori aldatu dezan Rajoyren gobernuak. Bide hori itxi egin dela ematen du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna